Gurutze Gorriaren jostailuak batzeko kanpainagaz bat egin du Lointek Gernika Bizkaiak
Bizkaiko Gurutze Gorriak Euren eskubideak jokoan kanpaina atzo abiatu zuen, euren egoera ekonomikoa dela-eta Gabonetan seme-alabentzat jostailurik erosi ezin duten familie laguntzeko. Hala, jakitera eman dutenez jostailu “ez-sexistak eta ez-belikoak” jasoko dituzte.
Gernika-Lumoko Guretze Gorriaren egoitzan (Aldape kalea, 6) eta Obaba liburuak, Berezi eta Bizi Poza dendetan bilduko dituzte jolasak, bai eta Maxi Eroskin ere, barikuan eta zapatuan [abenduak 15 eta 16]. Era berean, www.cruzrojabizkaia.org webgunean kontsultatu daitezke Bizkai osoko bilketa lekuak eta egunak.
Erakundeko boluntarioek saltokietako bezeroek egindako ekarpenak jaso, jostailuak aukeratu eta adinaren arabera sailkatuko dituzte.
Jostailuak ematen dituztenek zapatu honetan [abenduak 16] Malosten jokatuko den Dia Ligaren partidurako sarrerak jasoko dituzte. Lointek Gernika Bizkaiak Al-Qazeres Extremaduraren kontra jokatuko du (18:30). Pertsona bakoitzari sarrera bana emango diote.
Jolastea umeen oinarrizko eskubidea dela aitortzea eta jolasteak txikienengan eragiten dituen onurak ezagutaraztea dira kanpainaren helburu nagusiak.
Jakitera eman dutenez, ekimen honekin Bizkaiko 2.286 adingabek 6.329 jostailu jaso zituzten iaz.
Ekarpen ekonomikoa. Aurten jostailuak batzeaz gain, dirua emateko aukera zabaldu dute. Horretarako interesa duten herritarrek 900 22 44 90 telefonora deitu dezakete, eta juguete hitzarekin mezua bidali 38088 zenbakira (3 euroko kostua dauka mezuak). Azaldu dutenez, jasotako diruagaz jostailuak erosiko dituzte.