Bertso triki poteoa egingo dute zapatuan, udalerriko bost txokotan
Hirugarren urtez, bertso triki poteoa egingo dute Muxikan. Zapaturako jarri dute ordua, eta udalerriko bost txokok parte hartuko dute pintxo lehiaketan.17:00etan, Kurtzerotik abiatuko dira bertso triki poteoa egin gura dutenak autobusez. Eleizalde izan...
17:00etan, Kurtzerotik abiatuko dira bertso triki poteoa egin gura dutenak autobusez. Eleizalde izango dute lehen geralekua, eta handik Gorozika, Ariatza, Ajuria eta Ibarrurira joango dira. Leku bakoitzeko txoko bakoitzak pintxo bat aurkeztuko du lehiaketara; nork bere gustukoa. Hala, bertaratzen direnek edaria ordaindu beharko dute, eta pintxoak doan eskuratu ahalko dituzte.
Zenbait epaileren lanaren ondorioz erabakiko dute lehiaketako onena zein den. Txoko guztietan lau epaile egongo dira, baina beste lau aldatzen joango dira. Eguena baino lehen Zubieta Errota eraikinean izena ematen dutenen artean aukeratuko dituzte zeintzuk izango diren azken epaile horiek. Eta denen artean irabazle suertatzen denak txapela jasoko du sari modura. Iaz, esate baterako, Ibarruriko txokoa izan zen garaile.
Txokorik txoko bertsotan ariko direnak, beste alde batetik, honako hirurak izango dira: Onintza Enbeita, Julen Ibarguengoitia eta Ibai Amillategi. Gainera, Eingo kantan eta dantzan taldeak zapatu arratsaldea alaituko du Eleizalde, Gorozika, Ariatza, Ajuria eta Ibarruriko txokoetan.