Udal merkatu plaza bezeroentzako erakargarriagoa izatea gura du Bermeoko Udalak, horregatik
itxura hobetzen ari dira. Azoka kanpoan egin zuten hormairudiak aldaketa ekarri zuela dio Merkataritza, Turismo eta Hirigintza zinegotzi Irune Ormaetxeak. Oraingoan, barruaren txanda zen, “ilun” ikusten baitzen.
Lucia Gonzalez azokan egindako lanagaz
Horregatik,
argiteria berritu dute eta barruko sabaian hormairudi bat margotu dute, azoka “argitzeko, edertzeko eta erakargarriagoa” izateko
. Lanok egitea “beharrezkoa” zela uste zuen Bermeoko Udalak.
Hormairudia
Wallarteko Lucia Gonzalezek egin du. Zeru urdina ikus daiteke, laino zuri batzuekin, bai eta txori batzuk ere. “Duda barik, hormairudi horrekin udal azoka argitsuagoa lortzen dugu, eta, hortaz, azoka biziagoa, atseginagoa eta erakargarriagoa”, dio Ormaetxeak. Bere ustez, hormairudia azoka barruko “irudi bereizgarria” izango da.
Erronka “interesgarria” izan da Gonzalezentzat. Artistikoki “konplexua” izan dela esan du; aldamio batean igota, sabaian margotzen ari zenez “ez zeukan artelan guztiaren ikuspegi orokorra”. Hortaz
“oso intuitiboa” izan da, artistaren esanetan.
Zabaltasun sentipena ematea zen asmoa, eta ondo geratu dela uste du Gonzalezek.
Bestalde, argiteria berritzerakoan, “espazio eta argiztapen mota ezberdinak” kontuan hartu dituzte, eta, gainera, LED teknologia erabili denez, “argiztapena hobetzeaz gain, kontsumoa ere gutxituko da”. Horrela, Ormaetxeak zehaztu duenez,
32 lanpara LED jarri dira. Merkatu erdian, berriz,
zortzi proiektore jarri dituzte: lau gora begira, sabaira, hormairudira, hain zuzen ere; eta, beste lau, behera begira, merkatura, alegia.
Argiztapen proiektuak udal azokarako duen garrantzia nabarmendu du Ormaetxeak: “argiteri on batek emozioak pizten laguntzen du, bezeroei sentsazio atseginak igortzen laguntzen du, eta kontsumitzaileak eroso sentiarazten ditu. Helburu horiek guztiak lortu nahi izan ditugu egindako hobekuntzekin”.
Argiteria proiektuaren barne egindako lan horien guztien (argiak, murala…) kostua
40.000 euro ingurukoa izan da (BEZ barne) eta hori finantzatzeko
Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren diru laguntza jaso du, 26.000 euro ingurukoa, hain zuzen ere. Gainerakoa Bermeoko Udalak ordaindu du.
Datorren urtean, udal merkatu plazaren zorua konpondu gura dute.
Ormaetxeak gogorarazi duenez, udalak Bermeoko azoka biziberritzeko egindako plangintzaren baitako lanak izan dira.