Basogintza izango dute hizpide Natxituko Bolatokian
Eako Udalak eta Ekai Center Fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatuta, Basogintza hitzaldia eta elkarrizketa saioa egingo dute barikuan [abenduak 15], 19:00etan hasita.
Maddi Iregi eta Amaia Ruiz de Gauna izango dira hizlariak, eta halaber, Joseba Bergaretxek eta Adrian Zelaiak parte hartuko dute elkarrizketan.
Ean eta inguruan basogintzan eragina duten arauak, problematikak eta proposamenak batu dituzte, eta bilketa lan horren aurkezpena egingo dute. Hala, zehaztu dutenez ez da adituei zuzendutako saioa, interesa duten herritar guztientzat baizik, eta horregatik herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu diete. Beraz, esate baterako, basojabeentzat, basogintzan dihardutenentzat zein basogintzaren inguruko enpresa edo bestelako erakundeentzat ekitaldi interesgarria izango dela adierazi dute.