Basurdeek ordiziarren kontra lortu dute ligako laugarren garaipena
Gernika RTk 19-17 irabazi dio AMPO Ordiziari, 11. jardunaldian. Heineken Ligaren sailkapenean zortzigarren postuari eusten dio. Asteburuan Getxo Artea RTren aurka lehiatuko da UrbietanAurretik lau jardunaldi irabazi barik zegoen Gernika Rugby Taldea, e...
Gernika RTk 19-17 irabazi dio AMPO Ordiziari, 11. jardunaldian. Heineken Ligaren sailkapenean zortzigarren postuari eusten dio. Asteburuan Getxo Artea RTren aurka lehiatuko da Urbietan
Aurretik lau jardunaldi irabazi barik zegoen Gernika Rugby Taldea, eta 19-17 nagusitu zitzaion AMPO Ordiziari zapatuan. 11. jardunaldi honetan eskuratutako lau puntuekin, Heineken Ligaren sailkapenaren zortzigarren postuari eusten dio talde gernikarrak, 23 puntugaz. Postu bat aurretik dauka Ordiziako taldea, 28 puntugaz.Hasierako minutuetan talde ordiziarrak hartu zuen partiduaren kontrola. Haren joko zuzenak estualdi bat baino gehiago eragin zien basurdeei. Hainbat arrisku jokaldi sortu zituzten, baina etxeko taldeak defentsa lan onagaz erantzun zien.
Apurka-apurka, basurdeak erasoko jokaldiak sortzen hasi ziren. Horrela, nahiz eta aurkariak indartsu hasi, etxekoek izan zuten markagailua estreinatzeko lehen aukera garbia. Gaztigu-ostikoa gutxigatik desbideratu zitzaion Iker Olaetari. Lehen aukeran huts egin arren, bigarrena ondo aprobetxatu zuen Olaetak, eta beste gaztigu-ostiko batean 3-0eko markagailuagaz jartzea lortu zuen.
Ordiziak berehala erantzun zuen, eta etxekoek markagailua estreinatu eta hiru minutura, berdinketa lortu zuen. Hurrengo minutuetan bi taldeek hainbat arrisku jokaldi sortu zituzten, eta talde ordiziarrak erasoko jokaldi bat ondo aprobetxatu zuen entsegua egiteko.
Ordiziarren nagusitasuna
3-8ko markagailuagaz, lehenengo zatia amaitu aurretik aldea murrizteko zereginean aritu zen etxeko taldea, eta Olaetak beste kolpe bategaz beste hiru puntu eskuratu zituen 33 minutuan (6-8 jarri ziren).
Lehen zatiaren amaieran eta bigarren zatiaren hasieran, Ordiziak izan zuen nagusitasuna, eta bigarren zatiaren hasieran, bi zigor kolpegaz beste sei puntu lortu zituen. Bigarren gaztigu-ostikoa erasoko jokaldi luze batean lortu zuten, eta jokaldi horretan Eder Martinez basurdea kanporatu zuen epaileak.
Galtzen joan arren, partiduari buelta ematea lortu zuten basurdeek, eta partiduaren kontrola bereganatu zuten. Hala, zigor kolpe bategaz 9-14ko markagailuagaz jarri ziren.
Hurrengo minutuetan bi taldeak hainbat gaztigu ostikogaz puntuak pilatzen joan ziren. 12-17ko markagailuagaz heldu ziren partiduaren azken txanpara, eta orduan heldu zen etxekoen entsegua. Santi Viañaren paseagaz Joaquin Palisak lortu zuen entsegua, eta Olaetak transformatu zuen.
Partiduaren azken zatia emozioz beterikoa izan zen; basurdeak hainbeste kostatutako garaipena bermatu guran egon ziren. Ordiziak gaztigu-ostiko bat izan zuen, baina etxekoen zorionerako, desbideratu egin zitzaien.
Gipuzkoarren kontrako derbia jokatu ostean, beste derbi bat lehiatuko dute asteburu honetan basurdeek, eta honakoa ere Urbietan izango da. Gernika RTk Getxo Artea RTren kontrako norgehiagoka izango du jokoan 12. jardunaldian.