Leartibai Garapen Agentziak ate irekien jardunaldiak egingo ditu
Gastronomia, kultura eta ondarea ezagutara emateko eskaintza prestatu dute. Arabako Errioxagaz loturak indartzeko ekintza programa bat adostu duEskualdeko gastronomia, kultura eta ondarea ezagutara emateko, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte datoz...
Gastronomia, kultura eta ondarea ezagutara emateko eskaintza prestatu dute. Arabako Errioxagaz loturak indartzeko ekintza programa bat adostu du
Eskualdeko gastronomia, kultura eta ondarea ezagutara emateko, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte datozen egunotan. Leartibai Garapen Agentziak eskaintza zabala prestatu du, bisitarien zein lekuan lekuko bizilagunen parte hartzea bultzatzeko asmoz.Bigarrenez egingo dituzte ate irekien jardunaldiak. Lea-Artibai bisitatu gura dutenentzat ekintzaz beteriko lau eguneko egonaldia proposatu dute.
Hala, ekintza programa horren bidez, Arabako Errioxa eta Lea-Artibai lotu dituzte. Izan ere, aspaldikoa da bien arteko harremana, eta horren adibide da GR-38 Ardoa eta Arrainaren ibilbidea. Oionetik Lekeitio edo Ondarroaraino doan mandazainen bide zaharrak lotzen ditu. Historian, gurdizainek arrain freskoa edo gazitua, gariaren, gatzaren, ozpinaren edota ardoaren ordez trukatzeko erabiltzen zuten.
Harremanak sendotzea
Eskualde bien arteko loturak idartzea da asmoa. Gaur egun, iraganean sortutako lotura afektibo horiek sendotzeko aukera baliatzea, hain zuzen ere. Zehaztu dutenez, «bien lanaren aitortzaren emaitza» da, bai eta horretan «sakontzeko nahia» ere.
Ondorioz, GR-38 erreferentzia moduan hartuta, eskualdeko «turismoa egituratzeko» balio izango duela deritzote.
Hain zuzen ere, eskualde bietako promozioa sustatzea da helburu nagusietako bat, natur eta gastronomia produktuak bat eginez. Baita ibilbideari sendotasuna edota indartze bat ematea ere. Hau da, bisitariak eskualdean momentuan dauden eskaintzek erakarri beharrean, beste aukera bat izatea nahi dute: «GR-38, ardoa eta arrainaren ibilbidearen aukera mugagabeak ikustea eta bistaraztea da asmoa, norberaren ezagutza handitzeko eta lotura duten aktibitate eta baliabideen berri jakiteko. Horrek eskualdean orain arte egon den eskaintza gastronomikoaren indartze edo sendotzea ekarriko luke. Horrez gain, eskualdeko eskaintza turistikoari ere presentzia handiagoa eman nahi diogu».
Gainera, garapen agentziak urte guztiko eskaintza bat sortu nahi du, urte guztian bisitariak erakarri asmoz. Horrela sektoreak duen «urteroko izatea» gutxitu nahi dute; izan ere, urteko data zehatz batzuetan batzen dira turista gehien.
Horretarako, ibilbideagaz harremana izan ditzaketen ekintzak aztertzen ari dira, eta enpresa desberdinen lehiakortasuna lantzeko edo hobetzeko balio izango duela uste dute, GR-38 ibilbideagaz lotura estu bat edukirik.
Sentsibilizazioa
Horregaz batera, GR-38 ibilbidea balioan jarri eta dinamizatu egin nahi dute, eskualdera bertaratzen diren bisitari kopurua handitzeko.
Era berean, sentsibilizazioa lantzeko erabilgarria izango dela uste dute, bisitariek zein herritarrek eskualdeko ondarea eta natur baliabideak ezagutzeko aukera edukiko dutelako.