IDK Gipuzkoaren kontra lortu du Lointekek ligako bosgarren garaipena
Lointek Gernika Bizkaiak 76-55 irabazi zion IDK Gipuzkoari zapatu arratsaldean. Europako ametsa amaitu ostean, Dia Ligan buru-belarri aritzeko momentua heldu zaie jokalariei. Hala, Erregina Kopa lehiatzeko sailkatzea dute hurrengo erronka.Zapatuan derb...
Zapatuan derbietan normala izaten den giro berezia izan zuten Malosteko harmailetan. Partidu serioa jokatu zuen etxeko taldeak. Talde gipuzkoarreko Weaver, Sarr eta Alleyne jokalariak ondo zainduz, hasieratik defentsa lan sendoa burutu zuten etxekoek. Erasoan ere lan bikaina egin zuten; esaterako, Alston azken hilabetean baino biziago aritu zen, eta Pinak ere saskiratzeekin gozatu zuen.
Neurketa hasi eta sei minutura, 13-7 aurretik zegoen Lointek. Bi taldeek erritmo bizia erakutsi zuten kantxan. Etxeko taldea hamar puntuko aldeagaz egon zen une batez (19-9), baina lehen laurdena amaitzeko aldea murriztea lortu zuen talde donostiarrak: 19-13. Bigarren laurdenean, dena den, Lointekek bere nagusitasuna ezarri zuen. Izan ere, defentsan zein kontraerasoan bikain aritu zen. IDK Gipuzkoaren ahaleginak ez ziren nahikoa izan, eta 32-23ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Nagusitasuna mantenduz
Lopezen neskek bazekiten garaipena ziurtatzeko lehen zatiko intentsitatea eta jokoa mantendu behar zituztela bigarrenean ere, eta ez zuten hutsik egin. Gainera, talde gipuzkoarra distira eta bizitasun gutxiagogaz aritu zen. Weaver, Sarr eta Alleyne ikusezinak ziren; Eraunzetamurgil izan zen IDK Gipuzkoako onena, baina bakarrik zegoen. Halaber, zenbait minututan etxeko jokalariak kantxan deseroso sumatu ziren.
50-38ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Lointekeko jokalariek aurkariei min egiten jarraitu zuten, eta Pina, Alston eta Caldwellen saskiratzeekin gozatu zuten zaleek.