Euskararen aldeko aldarria
Euskararen Nazioarteko Eguna hizkuntzaren aldarrikapen ozena egiteko erabili dute Lea-Artibaiko, Busturialdeko eta Mutrikuko herritarrek, hainbat ekintzaren bitartez.Euskarak batzen gaituelako, horrela zioen Ondarroako danborradaren buruan eraman zuten...
Euskararen Nazioarteko Eguna hizkuntzaren aldarrikapen ozena egiteko erabili dute Lea-Artibaiko, Busturialdeko eta Mutrikuko herritarrek, hainbat ekintzaren bitartez.
Euskarak batzen gaituelako, horrela zioen Ondarroako danborradaren buruan eraman zuten leloak. Eta horixe da, hain zuzen ere, herri guztietan egindako ekintzen bitartez erakutsi nahi izan dutena. Egunero mingainean euskara erabiltzea garrantzitsua dela izateko, batuta egoteko eta aurrera egiteko.Eta aurrera egite horretan, Euskaraldirako motorrak berotzen hasi ziren atzo arratsaldean bermeotarrak. Lehenengo ekitaldia abenduaren 14an izango da, 19:00etan hasita, Nestor Basterretxea aretoan. Hain zuzen, Kike Amonarrizek Bermeo euskalduna gura duzu? Egingo dugu hitzaldia eskainiko du.
Atzo azaldu zutenez, Bermeon 66 lagunek bat egiten dute Euskaraldiagaz, eta herritarrak deitu dituzte horren barne antolatuko diren ekimenetan parte hartzera. 66 lagun horiek arlo ezberdinetako herriko gizarte eragile euskaldunak dira: erakundeetako ordezkariak, udal talde guztietako ordezkari politikoak, auzo alkateak, dendariak, tabernariak, kazetariak, kirolariak, musikariak, kultur eragileak, udal langileak, sindikatuak, sendagileak, hezitzaileak… Horietako askok atzoko aurkezpenean parte hartu zuten. «Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko», esan zuten aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariek.
11 egun euskaraz 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean izango den erronka bada ere, data hori heldu orduko, hainbat komunikazio ekintza eta prestakuntza saio egingo dira, giroa berotzeko, «ahal denik-eta herritar gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten».
Asteburu betea izan dute Busturialdean. Gernika-Lumon, esaterako, barikuan, hamaika orduko irakurraldia egin zuten, Elai-Alain. Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurri dute aurten.
Busturian, euskararen erabilera sendotu eta sustatzen jarraitzeko hurrengo urteetarako helburuak eta pausoak adosten hasi ziren herritarrak bariku arratsaldean, Ahize-AEKren laguntzagaz; 120 proposamen baino gehiago jaso zituzten. Domekan, berriz, Julen Kaltzada izan zuten gogoan. 200 bat lagun bildu ziren Axpe auzoko Aingerubide kultur etxean, eta omenaldi hunkigarria egin zioten Kaltzadari. Bestetik, herriko elkarte, eskola eta tabernek 2017rako adostutako euskararekiko konpromisoen bideoa ikusteko aukera egon zen.
Bermeoko Lamera bete egin zen domekan, Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimenean eta arraunaren txokoan parte hartzeko. Eta Ean, Ispiluari begira tailerrean parte hartzeko eta euskararen kale erabileraren datuak ezagutzeko aukera eduki zuten.
Herriz herri, ipuin kontalariak, herri kirolak, aurkezpenak, dantzak… egon dira aukeran Busturialdean, Euskararen Eguna ospatzeko.
Euskerean Eupadea!
Markina-Xemeingo Uni frontoiak hartu zuen zapatuan Euskerean Eupadea! lehiaketaren finala. Azaroan Berriatuan, Aulestin, Etxebarrian eta Munitiba- rren jokatu ziren finalaurrekoetatik Hika-Mikan, Aulestibixi, Etxebarriko Makinak eta Ondarrutar Famauk taldeak sailkatu ziren 8-11 urte bitartekoen finalerako, eta 12-16 urte bitarteko finalerako, aldiz, Egurre!, Zitxalak, Lorituk eta Patxikontrak taldeak. Zitxalak taldearen kasua berezia izan zen. Aulestiko finalaurrekora beste taldea agertu ez zenez, zuzen-zuzenean lortu zuten finalerako txartela. Ezer baino lehen Herrik eta Bixik eskerrak eman nahi izan zizkieten bai parte hartzaile guztiei eta baita laguntzaile guztiei ere: eskualdeko udalak, bi amankomunazgoak eta zenbait enpresa. Bertaratutako ikusleekin batera giro polita sortu zen Uni frontoian neska-mutil gaztetxoen lehiaketaren aitzakian.
Lehia estua eduki zuten talde guztiek finalean. Lau proba egin zituzten, eta tartean-tartean egon zen barre egiteko momenturik ere. Gazte batzuek finalaren atarian urduri zeudela aitortu zuten, baina guztiek eduki zuten argi lehiaketaren helburua ondo pasatuz euskara sustatzea zela.
Azkenean, Etxebarriko Makinak taldea izan zen garailea 8-11 urte bitartekoen finalean, eta Lorituk taldea, berriz, 12-16 urte bitartekoenean. Antolatzaileak zein gurasoak pozik geratu ziren lehiaketa eduki duten bilakaeragaz. Guraso batzuek «lehiaketa haurrek euskaraz jolasteko» beste bide bat izan dela adierazi zuten. Partaideak ere pozik azaldu ziren, Euskerean Eupadea! lehi- aketak inguruko herrietako jendea eta eskualdeko kontu eta pertsonaia ezagunak ezagutzeko aukera eman dielako.