42-20 amaitu zen atzo Baldiri Aleu zelaian Gernika RTren eta UE Santboianaren arteko partidua. Hala ere, 19 puntugaz sailkapeneko zortzigarren postuari eusten dio talde gernikarrak. Sentsasio onak utzi bai, baina esku utzik bueltatu ziren etxera.
Partidu hasiera ona egin zuten basurdeek, aurkariak gogor presionatuz.
Arrisku jokaldi asko sortu zituzten eta defentsa lan bikaina burutu zuten. Arriskua sortu arren ez zuten jokaldietan zorterik izan, eta etxeko taldeak estreinatu zuen markagailua. Hain zuzen, katalanek izan zuten lehen aukeran lortu zituzten partiduko lehenengo puntuak. 7. minutuan egin zuten entsegua. Gernika-Lumoko taldeak beren jokoa egiten jarraitu zuen, eta handik bi minutura Palisak gaztigu-ostikoagaz erantzun zien.
Argazkia: Anuar Gomez.
Eduardo Maidagan eta Mico Martinezen mutilek intentsitate beragaz jarraitu zuten. Beste zigor kolpe bat ere izan zuten, baina desbideratu egin zitzaion Palisari. Hurrengo minutuetan ere abisu bat baino gehiago egin zituzten basurdeek. Hala ere, etxeko taldeak hartu zuen partiduaren kontrola, eta gaztigu-ostiko batekin hiru puntuko aldea izatea lortu zuten. Baina, talde gernikarrak segituan erantzun zuen, eta Palisari esker 10-6ko markagailua lortu zuten.
Gero Santboianak bi entsegu jarraian lortu zituen, errenta handituz: 20-6. Alabaina, partidu hasiera moduan
lehen zatiaren azken minutuetan ere bikain aritu zen Gernika RT. Arrisku asko sortu arren, ez zuten zorterik izan.
Bigarren zatian indartsu zelairatu ziren etxekoak, eta hasi eta berehala beste hiru puntu eskuratu zituzten. Epinal basurdea entsegua egiteko zorian egon zen, baina ez zuen asmatu. Zorte hobea eduki zuen, ostera, Skipwithek. Haren entsegua transformatuta, 23-13ko markagailuagaz jarri ziren. Baina, hurrengo jokaldian beste entsegu batekin erantzun zieten etxekoek.
Gainera, 70. minutuan beste entsegu bategaz partidua guztiz erabakita utzi zuten katalanek, eta azken zatian beste entsegu bat lortu zuten.