'Gernika' herrira ekartzeko eskatuko du Gernika Batzordeak bihar Bilbon
La Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak antolatutako Picasso. Gernikaren bidaia erakusketa inauguratuko dute bihar Bilbon, Uribitarte pasealekuan. Ospakizun eguna izango da batzuentzat, baina aldarrikapenena beste batzuentzat. Bonbardaketaren komisio ikertzailea den Gernika Batzordeak, esaterako, hitzordua jarri du gaurko erakusketaren aurrean. Hain justu, 11:30ean bilduko dira bertan, eta Gernika koadroa Gernikara lekualdatzeko aldarrikatuko dute. Herritar guztiak gonbidatu dituzte biharko deialdira.
Ez da lehen aldia Gernika Batzordeak bere aldarrikapena egiten duena; izan ere, erakusketaren aurkezpen egunean ere –urriaren 20an–, Gernika Gernikara lelopean elkarretaratzea egin zuen Gernikan, Picassoren koadroa «oraindik deserrian bahituta» daukatela salatzeko. Herriko alkate Jose Maria Gorroñok, bere aldetik, aipatu zuen gaur egungo egoitza «azken egoitza ez izatea» espero duela; «oraindik ere beste bidaia bat egitea falta zaiolako».
La Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak antolatutako Picasso. Gernikaren bidaia erakusketa urriaren 20an aurkeztu eta zabaldu zuten Gernika-Lumon. Hain justu, Pasealekuan izan zen ikusgai aipatu erakusketa urriaren 25a bitarte, eta bertatik Gasteizera eraman zuten.
Picasso. Gernikaren bidaia erakusketak Pablo Picasso artista malagarraren lan ezagun horren ibilbide historikoa zein izan den jasotzen du; alegia, 1937an Parisen sortu zenetik Reina Sofia museora eraman zuten artekoa (1992).
EH Bilduren proposamena. Gernika Gernikara eramateko proposamena aurkeztu zuen joan den astean EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak Espainiako Kongresuko Kultura Batzordean, baina Espainiako Kongresuak atzera bota zuen koalizioak aurkeztutakoa. EAJk, ERCk eta Compromisek babestu zuten egitasmoa.
EH Bilduk uste du gaur gaurkoz «badirela nahikoa baliabide artelana behar bezala garraiatzeko». Gernikara lekualdatzeak, gainera, obrak berak salatzen duen «zapalkuntzaren indarra, eragina eta oihartzuna biderkatzen» dituela deritzo diputatuak. Hala, gogorarazi du «euskal erakundeak prest daudela artelana garraiatzeko eta mantentzeko