Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira gaur arratsaldean bermeotarrak. Horrekin lotutako lehenengo ekitaldia, abenduaren 14an izango da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Hain zuzen, Kike Amonarrizek
Bermeo euskalduna gura duzu? Egingo dugu? hitzaldia eskainiko du.
Udal ordezkariak eta Euskaraldiagaz bat egin duten herritarrak gaurko aurpezpenean
Gaurko agerraldian esan dutenez, Bermeon 66 lagunek bat egiten dute Euskaraldiarekin eta herritarrak deitu dituzte horren barne antolatuko diren ekimenetan parte hartzera. 66 lagun horiek arlo ezberdinetako herriko gizarte eragile euskaldunak dira: erakundeetako ordezkariak, udal talde guztietako ordezkari politikoak, auzo alkateak, dendariak, tabernariak, kazetariak, kirolariak, musikariak, kultur eragileak, udal langileak, sindikatuak, sendagileak, hezitzaileak…horietako askok, gaurko aurkezpenean parte hartu dute. Horiek guztiek lehenengo sarea osatzen dutela azaldu dute, sare hori, baina, zabaltzen joango da, “olatu handi bat sortu gura baita”.
“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, esan dute parte hartu duten ordezkariek.
Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute ekimena, eta eguneroko bizitzan inertziak aldatzea bilatzen da. Bermeoko Udalaren ardura nabarmendu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, herrian dagoen arazoari buelta eman gura diotelako.
11 egun euskaraz datorren urteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean izango den erronka bada ere, data hori heldu orduko, hainbat komunikazio ekintza eta prestakuntza saio egingo direla azaldu dute, giroa berotzeko, «ahal denik eta herritar gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten». Izan ere, Bermeon ahobizi eta belarriprest ugari batzeko lan aktiboa egiteko asmoa agertu dute.