Lointek Gernika Bizkaiak
62-84 galdu zuen
Basket Landesen kontra EuroCup txapelketaren taldekako faseko azken jardunaldian eguazten iluntzean, Casillan. Taldea hazten jarraitzeko irakasgaiak utzi dizkio Europako esperientziak.
Ondo hasi zuen lehia Lointekek. Basen hirukoak estreinatu zuen markagailua, eta ondorengo jokaldietan ere erasokor ikusi zen talde gernikarra. Ariztimuño ausart, Bas eraginkor eta Caldwell bere mailan. 11-10eko markagailua da hasierako
parekotasunaren adierazlea. Lointekeko jokalariek estu hartu zituzten frantziar jokalariak, eta ondorioz, Basket Flandes urrutiko jaurtiketekin ahalegindu zen. 13-16ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Baina, tarte hori handitzea lortu zuen Landesek. 14. minuturako 18-27ko markagailuagaz zeuden. Mario Lopezek, boskote erakingorrena osatu nahian aldaketak egin zituen, baina ez zuen asmatu. Defentsan ondo aritu arren, beste pauso bat eman beharra zegoen aurkariak geldiarazteko, eta ezin izan zuten hori lortu. Frantziako taldeak ez zuen hutsik egin, eta saskiratzez saskiratze markagailuko aldea handitzea lortu zuen.
Marina Bas baloiagaz, eta atzean Mario Lopez entrenatzailea.
Argazkia: Gernika KESB.
31-46ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia, eta atsedenalditik bueltan ere gauzak ez ziren asko aldatu. 12-20ko partzialagaz amaitu zuten hirugarren laurdena, eta azken txanpan ere nahi eta ezinean aritu ziren Lointekeko jokalariak.
Zaleen babesa eta omenaldia. EuroCup txapelketaren taldekako faseko azken jardunaldian bizkaitar zaleen babesa gura zuen Gernika KESBek, eta horiek ez zuten hutsik egin. 2.300 bat ikusle batu ziren Casillan.
Bizkaiko klubetako eta eskoletako taldeetako jokalariak eta entrenatzaileak gonbidatu zituzten, eta 700 bat eskari izan zituzten.
Ane Mugira ezkerretik laugarrena.
Argazkia: Gernika KESB.
Bizkaiko emakumezkoen saskibaloian esanguratsuak izan diren bost emakume eta gizonezko bat omendu zituzten eguaztenean, eta horien artean zegoen
Ane Mugira gernikarra, bere herriko taldean ibilbide oparoa burutu zuen jokalari garrantzitsua. Mugiragaz batera, Mª Victoria
Yoya Astigarraga Sagrado Corazoneko jokalari ohiaren, Ruth Epalza 70ko hamarkadan erreferente izandakoaren, Begoña Casado Kaixo taldeko entrenatzaile eta zuzendaritza taldeko kidea izandakoaren, Monica Vallejo Kaixo taldeko jokalari ohiaren, eta Luis Ledesma Colegio Alemaneko entrenatzaile ohiaren lana aitortu eta nabarmendu zuten.
Mugira eta Gorroño eguaztenean Casillan.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala.
Omenaldian Jesus Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak parte hartu zuten, besteren artean.
Bestalde,
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako talde argazkia atera zuten bi klubetako ordezkariek.
Bi taldeetako ordezkariak indarkeria matxistaren kontrako pankartagaz.
Argazkia: Gernika KESB.