Eskola publikoetako irakasle askok gaurko lanuzteagaz bat egingo dute
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, «mobilizazio asteak» egiten ari dira sektoreka hilabetea hasi zenetik. Aste honetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen txanda da. Hala, Busturialdeko eskola publikoetako langile asko eta askok bat egingo dute gaurko lanuzteagaz.
Astean zehar ikastetxeetan ekimen ezberdinak egin eta egingo dituztela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek: ikastetxeak aldarrikapenez bete, eskakizunak kalera atera jendartearekin elkarbanatzeko, kalejirak eta elkarretaratzeak, besteak beste.
Gaurkoan, baina, greba eguna dute, eta Bilbon, Gasteizen eta Donostian manifestazioak egingo dituztela azaldu dute.
Busturialdeko eskola publikoetako langile askok ere grebagaz bat egitea erabaki dute. Busturiko JM Uzelai ikastetxean irakasleen gehiengoak egingo du greba (%90,4), Muxikako Urretxindorra eskolan irakasleen %50ak, Gernika-Lumoko institutuan %72ak, Barrutia ikastetxean, %52ak, Barrutialden %80ak, Allende Salazar ikastetxean %70 inguruk eta Bermeoko San Frantzisko ikastetxean %30 inguruk. Gutxieneko zerbitzuak, hala eta guztiz ere, bermatuta egongo dira eskola guztietan.
Orain arte, haur hezkuntzako irakasleek eta langileek, garbitzaileek eta sukaldeko langileek egin dituzte mobilizazioak.
Buelta eman. ELA, LAB eta Steilas sindikatuen ustez, «ezinbestekoa» da Eusko Jaurlaritza azken urteetan «inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea». Hala, horrek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan «sufritzen ari diren egoerari buelta eman» behar zaiola uste dute. Diotenez, orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Horregatik, ikasturte honetan ere, «mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez dute ikusten».
Gaurko greba deialdiagaz gain, abenduaren 12an, beste sektore guztiekin batera grebara joango direla azaldu dute. Izan ere, egun horretarako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bost sindikatu nagusiek greba egingo dute.