Txakolin Eguna hartuko du Mundakak zapatuan
Beste behin ere, herri ezberdinetako hiru motatako txakolinak dastatzeko aukera emango du Mundakako Txakolin Egunak. Zapatuan Mundakara bertaratzen direnek Bakioko, Busturiko eta Gernikako ekoizleak izango dituzte aukeran, hau da, Abio, Amunategi eta Isasi txakolinak.
11:00etan emango diote hasiera Txakolin Egunari, eta eguerdira arte, Mundakako udaletxeko arkupeetan bilduko dira herritarrak zein bisitariak.
Txakolinaz gain, izango da zer dastatu Mundakan; izan ere, beste hainbat produktu eskuratzeko aukera egongo da; esaterako, patea, gazta eta etxeko gozoak. Era berean, sasoiko produktuak eskaintzen dituen Zabaleko Urdaibaik ere parte hartuko du azokan.
Batzokiak antolatuta, bestalde, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Ekimen horretatik ateratzen duten dirua ongintzazko ekintza batera zuzentzen dute urtero. Aurten, Mundakako Caritasek jasoko du zapatuan bildutakoa.