Muruetakoek domekan lehiatuko dute Goma Gaineko bigarren saioa
2017ko Euskadiko Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketaren 300 kiloko eta 260 kiloko kategorietako bigarren jardunaldiak lehiatuko dituzte domekan, 11:30etik aurrera, Ibarran. Pisaketak 09:30etik 10:30era egingo dituzte.Gizonezkoen 300 kiloko lehenengo j...
Gizonezkoen 300 kiloko lehenengo jardunaldia domekan lehiatu zuten Berriozarren. Bi multzotan banatuta, hamalau talde ari dira parte hartzen, eta Murueta B multzoan dago.
Ñapurrak taldea izan zen B multzoko onena domekan, eta 7 puntu lortu zituen. 5,5 puntuna eskuratu zituzten Ibarra Bk eta Berriozar Bk. Murueta, berriz, multzoko bosgarrena izan zen, 3 puntugaz. Haren aurretik, Kaskallueta geratu zen laugarren postuan, eta Ustaritz eta Antsoain taldeek 1,5 puntuna batu zituzten.
A multzoan Beti-Gazte nagusitu zen, eta haren atzetik sailkatu ziren Baigorri eta Sokarri taldeak. 4 puntugaz, Ibarra A izan zen laugarrena, eta puntu bat gutxiago jaso zuen Txantrea bosgarrenak. Getxo izan zen multzoko azkenengoa puntu bakarra lortuta, eta haren aurretik, Berriozar A sailkatu zen, 2 puntu eskuratuta.
Finalak Kortezubin
Emakumezkoen 260 kiloko lehenengo jardunaldia leku berean jokatu zuten zapatuan. Bosna talde lehiatu ziren multzo bakoitzean.
A multzoko lehenengoa Badaiotz izan zen, 4,5 puntugaz, eta puntu kopuru bera eskuratu zuen Ibarra Ak. Beti-Gazte taldea sailkatu zen hirugarren postuan.
B multzoan, aldiz, Txantrea Ak bildu zituen puntu gehien, eta Berriozar eta Ibarra B bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
300 kiloko eta 260 kiloko aurtengo txapeldunak Busturialdean erabakiko dira. Hain zuzen, kategorietako bi finalak Kortezubin jokatuko dituzte abenduaren 17an (domeka), 11:30ean hasita. 09:30etik 10:30era bitartean egingo dituzte pisaketak.