Euskal Herriko beste hainbat herritan egingo duten legez, Gernika-Lumon ere, Errumaniaren Eguna ospatuko dute,
Herri langile eta alaia lelopean.
Marian Popescu Errumaniaren Bilboko Kontsul Nagusiak eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok egingo dute aurkezpena, 18:00etan Elai-Alai aretoan. Egun horregaz, errumaniar herria euskal gizartera gerturatzea bilatzen dute, herrialde horren presentzia maila kulturalean eta herritarren parte hartzean ere ikustarazteko.
Hitzaldi bi emango dituzte egun horretan: batetik, Marian Otxoa de Eribe itzultzaileak
Literatura rumana en español berbaldia eskainiko du, eta, bestetik, Liviana Bucuresteanu irakaslea
Familias plurilingues y el programa de aprendizaje de la lengua y cultura rumana en Gernika izenburupean ariko da hizketan.
Horien aurkezpena Jose Antonio Uriarte
Itxaso-k egingo du, eta errumaniar klaseetako ikasleen zein Millenium taldekoen musikak girotuko du momentua. Gainera, Miorita taldeak dantza ere egingo du.
Halaber, astelehenaz geroztik jarrita dagoen erakusketa bat ere bisitatu ahalko dute bertaratutakoek:
El Bucarest sefardi. 500 años de historia contados en 100 imagenes. Madrilgo Errumaniar Kulturaren Institutuak antolatutako erakusketa hori abenduaren 7a bitarte bisitatu ahalko da, Elai-Alai aretoan bertan.
Bertaratzen direnek, gainera, jakien dastaketaz gozatzeko aukera ere izango dutela aurreratu dute.