Azken aldian, batez ere, Arane eta Mañu auzoetan, altzariak, etxetresna elektrikoak, hondakin arriskutsuak eta sastarrak botata agertu izan direla esan du Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak: “Esaterako, joan den azaroaren 23an, Araneko begiratokian hainbat gauza zeuden botata; telebistak, su itzaltgailuak, ordenagailuak, sofa batzuk…”
Altzariak botata Aranen. Argazkia: Bermeoko Udala
Aurreko astean, bestalde, Enagas plantaren inguruan, baso pista baten ertzean, gurpil zaharrak eta txatarra botata egon zirela aipatu du Ibarraolazak. Eta, aste berean, Sollubeko antenarako bidean, beste pista batean, uralitazko teilatu bat ere agertu zela dio.
Hala, zerbitzuetako zinegotziak herria eta auzoak zikinkeriaz betetzen dituztenen jarrerak salatu gura izan ditu, “ez dira bidezkoak”.
Altzariak eta etxetresna elektrikoak biltzeko doaneko zerbitzuak daudela gogorarazi gura izan du Ibarrolazak; alde batetik, Garbigunea, eta, bestetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua. Sastarrei dagokienez, bestalde, “dagozkien edukiontzi barrura botatzeko eta inguruan ez uzteko” eskaera egin die Ibarrolazak herritarrei.