600 bat lagunek parte hartu dute Milia Herrikoian
Beste urte batez, Milia Herrikoia hartu du Gernika-Lumok. Aurten, zeresan asko eman eta iritzi ezberdin asko jaso dituen arren, «arrakastatsua» izan da. Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez. ume eta nagusien artean 600 bat parte hartzaile izan ...
Hainbat kategoriatan banatuta parte hartu zuten zapatuan herritar guzti horiek: benjamin aurrekoetan, benjaminetan, alebinetan, umeetan, kadeteetan, gazteetan eta seniorretan.
Aurtengo parte hartzaileek kamiseta bana jaso zuten, eta produktuen zozketan parte hartu zuten. Xaibor kultura dinamizatzaile eta DJaren musikagaz gozatzeko aukera ere egon zen.
EH Bilduk, bere aldetik, herriko ikastetxeak zoriondu eta eskertu ditu, «33. Milia Herrikoia egitea lortu dutelako». Izan ere, koalizioaren arabera, «Jose Mari Gorroñok eta EAJko gobernuak ez zuten aurtengo Milia Herrikoia Artekale eta Juan Calzadatik igarotzen uzteko asmorik». Eta jakinarazi du, Gorroñok «erreka hegalera» bidali nahi zituela korrikalariak, Errenteriako zubia eta Urbietako kiroldegiaren artean korrika egin zezaten. «Hala, baldintza horietan lasterketa ez antolatzea erabaki zuen orain arte arduratu den herriko taldeak, eta kinka larrian utzi zuen udalak kirol jaialdi herrikoi nagusienetakoa».
Jokabide kementsua
Baina «herriko ikastetxeen ardura eta kemenari esker», proba egin da, herriko erdigunetik, «merezi zuen gunetik». Modu horretan, EH Bilduk azpimarratu du, «herriak gauzak aldatzeko indarra eta ahalmena badituela, eta agintariei aurre egitea posible dela erakutsi dutela berriro ikastetxeetatik». Hala, «ahalduntze borroka txiki eta garaipen handi horiek» herria egiten dutela iritzita eskertu dituzte bertoko eskolak.