Gernika-Lumoko taldeak EuroCup txapelketaren
taldekako faseko azken jardunaldia lehiatuko du bihar Frantziako Basket Landes taldearen kontra,
20:00etatik aurrera.
Casilla bete asmoz, eskualdeko zaleak ez ezik,
Bizkaiko klubetako eta eskoletako taldeetako jokalariak eta entrenatzaileak gonbidatu dituzte. Hain zuzen, horiei
doan sartzeko aukera eman die. Beraz, gura dutenek
entradas@gernikasaski.com posta elektronikora mezua bidali behar dute, zenbat sarrera behar dituzten zehaztuz. Bizkaiko klubetako eta eskoletako taldekideek euren klubaren arropak eroatea eskatu dute.
Autobusa. Era berean, Gernika KESBeko zaleentzat autobusa antolatu du klubak. Autobusean izena emateko
650 96 19 98 telefono zenbakira deitu behar da, eta
gaur 20:00ak arteko epea ipini dute. Jakitera eman dutenez, autobusa egoteko gutxienez 40 pertsonak izena eman behar dute. Joan-etorriagatik 5 euro ordaindu behar dira.
Autobusa bihar
18:30ean irtengo da Gernika-Lumoko autobus geltokitik (18:15ean bertan egoteko eskatu dute).
Partidurako sarrerak txarteldegian bakarrik eskuratu daitezke, eta bihar 19:00etan zabalduko dute. Aurreko partiduetan legez, 10 eurotan egongo dira salgai, baina Gernika KESBen eta RETAbet Bilbao Basketen bazkideek 8 euro ordaindu behar dituzte.
Bizkaiko emakumezkoen saskibaloiaren historia. Partidu berezia izango da bihar iluntzekoa. Izan ere, Bizkaiko emakumezkoen saskibaloian esanguratsuak izan diren bost emakume eta gizonezko bat omenduko dituzte. Gaur egun saskibaloia utzi arren, kirol horri lotuta jarraitzen dute modu batean edo bestean, eta Bizkaiko saskibaloiaren etapa desberdinak ordezkatzen dituzte.
Besteren artean,
Ane Mugira klub gernikarrean giltzarria izan den jokalarietako bat omenduko dute. Ibilbide luze eta oparoa beteta, taldeko kapitaina izan zen Emakumezkoen lehenengo mailara igotzea lortu zutenean, eta klubaren baloreak ordezkatzen ditu taldearen arima izandakoak.
Besteak beste Ane Mugira omenduko dute bihar.
Argazkia: Gernika KESB.
Mugiragaz batera, Mª Victoria
Yoya Astigarraga Sagrado Corazoneko jokalari ohiaren, Ruth Epalza 70ko hamarkadan erreferente izandakoaren, Begoña Casado Kaixo taldeko entrenatzaile eta zuzendaritza taldeko kidea izandakoaren, Monica Vallejo Kaixo taldeko jokalari ohiaren, eta Luis Ledesma Colegio Alemaneko entrenatzailearen lana aitortu eta nabarmenduko dute.
Emakumeenganako indarkeriaren kontra. Bestalde, biharko jardunaldian Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunagaz bat eginda, indarkeria matxistari buruzko “sentsibilizazioa” bultzatu asmoz, eta “indarkeria sexista aurre egiteko” eskatuz, indarkeria jasan duten emakumeei babesa adieraziko diete.