Beste urte batez, Milla Herrikoia hartu du Gernika-Lumok. Aurten, zeresan asko eman duen Milla izan den arren, eta iritzi ezberdin asko jaso dituen arren, «arrakastatsua» izan da, Gernika-Lumoko Udalak dioenez. Ume eta nagusien artean, 600 bat parte hartzaile izan dira.
Hainbat kategoritan banatuta parte hartu zuten zapatuan herritar guzti horiek: benjamin aurrekoetan, benjaminetan, alebinetan, umeetan, kadeteetan, gazteetan eta seniorretan.
Aurtengo parte hartzaileek kamiseta bana jaso zuten, eta produktuen zozketan parte hartu zuten. Xaibor kultura dinamizatzaile eta DJaren musikagaz gozatzeko beta ere izan zen.
Argazki galeria ikusteko: sakatu hemen
EH Bilduk, bere aldetik, herriko ikastetxeak zoriondu eta eskertu ditu, «33. Milla Herrikoia egitea lortu dutelako». Izan ere, koalizioaren arabera, «Jose Mari Gorroñok eta EAJko gobernuak ez zuten aurtengo Milla Herrikoia Artekale eta Juan Calzadatik igarotzen uzteko asmorik». Eta jakinarazi du Gorroñok «erreka hegalera» bidali nahi zituela korrikalariak, Errenteriako zubia eta Urbietako kiroldegiaren artean korrika egin zezaten.
«Hala, baldintza horietan lasterketa ez antolatzea erabaki zuen orain arte arduratu den herriko taldeak, eta kinka larrian utzi zuen udalak kirol jaialdi herrikoi nagusienetakoa».
Eskerrak ikastetxeei
Baina «herriko ikastetxeen ardura eta kemenari esker», Milla Herrikoia egin da, herriko erdigunetik, «merezi zuen gunetik». Modu horretan, EH Bilduk azpimarratu du «herriak gauzak aldtzeko indarra eta ahalmena badituela eta agintariei aurre egitea posible dela erakutsi dutela berriro ikastetxeetatik».
Hala, «ahalduntze borroka txiki eta garaipen handi horiek herria egiten dutela iritzita», eskertu dituzte bertoko eskolak.