Moto gainean aritu ahal izateko, jakin egin behar da, baina ondo moldatzeko, abilezia ere behar da. Eta Marcos Rocak badauka; hala erakutsi du gaur eguerdian Gernika-Lumoko Merkatu plazan egindako
Stunt Showean. Hark ataratako moto usain eta hotsak jende andana erakarri du. Ume, gazte zein heldu bildu dira Txomin Arana moto gidari ereñarrari laguntzeko antolatutako Dakar Festan. Eta horien guztien aurrean egin du Rocak bere ikuskizuna.
Moto bat ez ezik, sei ere erabili ditu; lau gurpilgaz, bi gurpilgaz eta baita gurpil bakarragaz ere. Eserita, zutik, itzulipurdika… aritu da Roca, eta garrarekin ere ibili da.
Bai motorrak eta baita ingurua ere ondo berotuta dago. Bazkaltzeko ordua ere iritsi zaie, eta hasi dira mahaiaren inguruan esertzen. Guztira,
265 bat lagun elkartu dira bazkaritan. Euskal Herri osotik etorri da jendea, Txomin Aranak azaldu duenez.
[Eguneko argazki galeria ikusteko: sakatu hemen]
Behin sabela ondo beteta,
Txomin Aranaren Dakarrari buruzko aurkezpena egin dute. Hain zuzen, Roman Mestraitua Gernika Off Roadeko lehendakaria, Arana bera eta Off Road Elkarteko idazkari Juanjo Bilbao izan dira aurkezpena egiten. 40. Dakarrean parte hartuko du Aranak urtarrilean. 14 egunetako iraupena duen lasterketa izango da; Argentina, Peru eta Bolivia herrialdeak zeharkatuko dituena. Aurkezpenean, besteak beste, iaz Dakarra ezin lehiatu izanaz, aurreko urtean jasandako erorketaz, 2018ko Dakarraz, aurten ibili izan dituen motorrez eta beste hainbatez aritu izan dira.
Mestraituak nabarmendu du
jendeak ematen duen babesa “oso garrantzitsua” dela beraientzat. Eta gaineratu du, “lan gogorra eta egunerokoa” dela Dakarra prestatzea, eta “ate asko jo” behar izaten dituztela. “Dakarrera joan ahal izateko gutxieneko bat behar izaten da, eta hortik aurrera, zorte kontua izaten da; beraz, ea Txominek zortea daukan”.
Taulagaineko hirurek
eskertu nahi izan dituzte Txomin Arana Dakarrean egotea ahalbidetzen duten guztiak eta gaur Merkatu plazan izan direnak eta egunerokotasunean ereñarra laguntzen dutenak.
Aurkezpena bukatuta, sei kamisetaren eta bizikleta baten zozketa egin dute. Bizikleta Elgoibarko herritar batek jaso du Ordobikeren eskutik.
Jaiak jarraitu egin du Merkatu plazan. Eta horretarako, Itzalak taldearen laguntza dute 22:30ak bitarte.