Euria izan bada ere, udaletxeko aterpean babestu dira makailao txapelketako protagonistak. Aurtengoa 33. txapelketa izan da, eta pil-pil erako makailaoa prestatu behar izan dute parte hartzaileek. Denetara, 13 kazola aurkeztu dituzte, eta horien artean, 3. zenbakidun kazola izan da irabazle. 10. zenbakidunak egin du bigarren, eta 9. zenbakidunak, aldiz, hirugarren.
10:00etan eman diote hasiera txapelketari, eta ordutik aurrera hasi dira parte hartzaileak beraien jakiak prestatzen. 13:00etarako aurkeztu behar izan dituzte kazolak plazan, eta epaimahaia dastaketa lanetan aritu da bertan. 14:30ak inguruan eman dituzte sariak; irabazlearena, bigarrenarena eta hirugarrenarena.
Aurtengo txapelketak, gainera, herritarren arreta handiagoa erakarri du; horren inguruan izan baitira Presunto Culpable telesaileko aktoreak; tartean, Miguel Angel Muñoz. Izan ere, telesail hori grabatzen ari dira Mundakan.
Baina txapelketaz gain, badaukate zer eskaini Santa Katalina jaiek. Atzo hasi zituzten festak kostaldeko herri horretan, txistularien kalejiragaz, eta gaurko eguna ere doinu horiekin hasi dute. Umeentzako jolasak ere izan dira aukeran, eta aurten, gainera, Santa Katalina egunean ohikoa zen Tarro-Apurtze jolasa berreskuratu dute.
Tarro-apurtze jolasa. Argazkia: Mundaka Turismo.
Eguerdian, mezaren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu dute, eta, ondoren, sardina erreak eta salda jan dituzte. Arratsalderako, berriz, ume eta gaztetxoentzako disko festa antolatu dute. Baina nagusiagoek ere izango dute abesteko eta dantza egiteko aukera, 20:00etan hasita kontzertuak egongo baitira: The Idems eta erromeria.