Lea-Artibai eta Busturialdeko hemezortzi bikote, Bizkaiko lehian
Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Gernikan, Berriatuan eta Markina-Xemeinen egongo dira partidakBizkaiko Zesta-Punta Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan Lea-Artibai eta Busturialdeko...
Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Gernikan, Berriatuan eta Markina-Xemeinen egongo dira partidak
Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan Lea-Artibai eta Busturialdeko puntistek. Joan den astean hasi zen norgehiagokan parte hartzen ari dira Berriatua, Durango, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo hogei bikote maila ezberdinetan banatuta. Hemezortzi dira Lea-Artibai eta Busturialdekoak.Kadete mailako bikote bat (Ekaitz-Amets), 22 azpiko beste bat (Unax-Jon) eta senior mailako bi (Antxon-Lekue eta Reto-Txomin) izango ditu jokoan Berriatuko Zesta-Punta Eskolak; Gernika Jai Alairi dagokionez zazpi bikote aterako dira kantxetara: kadete mailako bat (Eneko-Oier), gazte mailako bi (Arratibel-Urrutxua eta Leke-Unda), 22 azpikoen mailako bi (Urrutxua-Orue eta Lejamiz-Vega) eta senior mailako bi (Bidaburu-Urtubi eta Alberdi- Oar Arteta). Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak ere zazpi bikote izango ditu lehian: gazte mailako bi (Alex-Danel eta Kepa-Ander), 22 azpiko bi (Gotzon-J. Mandiola eta Ibar-Egia) eta senior mailako hiru (Meabe-Ibarluzea, Gaizka-Elkoro I eta Urri-Elkoro II). Seniorrek bi taldetan banatuta jokatuko dute.
Gaurtik domekara
Hiru herrietan jokatuko dira txapelketako partidak asteburu honetan ere. Gaur, 18:00etan, Markina-Xemeingo eta Gernika-Lumoko gazteak ariko dira zein baino zein gehiago Markina-Xemeingo Uni frontoian. Gernikan, berriz, 19:15ean, Eneko Arandia eta Oier Diaz gernikarrek Ekaitz eta Amets berriatuarren kontra jokatuko dute kadeteen mailan.
Bihar jarraituko dute partidek Gernikan, 18:00etan. Gernikako Lejaniz eta Vega eta Berriatuko Unax eta Jon neurtuko dira hasteko 22 azpikoetan, eta Gernikako Alberdi-Oar Arteta eta Markina-Xemeingo Urri-Elkoro II.a seniorren arteko partida jokatuko da ondoren.
Domekan Berriatuko Julen eta Txomin seniorrek Durango Aren kontra jokatuko dute Mendibarren frontoian, 12:00etan. 17:00etan berriz, Markina-Xemeinen, Gotzon-J. Mandiola eta Ibar-Egia 22 azpikoen partida lehiatuko da.