Heldu da lehen garaipena
Lointek Gernika Bizkaiak 81-57 irabazi dio Cegledi Eurokopako 5. jardunaldian. Datorren astean Basket Landesen kontra jokatuko du taldekako faseko azken lehiaLointek Gernika Bizkaiak taldekako faseko 5. jardunaldian lortu du EuroCup txapelketan lehenen...
Lointek Gernika Bizkaiak 81-57 irabazi dio Cegledi Eurokopako 5. jardunaldian. Datorren astean Basket Landesen kontra jokatuko du taldekako faseko azken lehia
Lointek Gernika Bizkaiak taldekako faseko 5. jardunaldian lortu du EuroCup txapelketan lehenen garaipena. Aurkaria baino hobeto jokatuta, nagusitasunez irabazi zuen eguazteneko partidua. 81-57 nagusitu zitzaion Cegled taldeari Casillan.Txapelketa hasi zenetik garaipen baten bila ari zirela adierazi zuen Amaya Gastaminza hegaleko pibot nafarrak: «Eta zer hobeto hemen etxean lortzea baino. Oso pozik gaude». Lesioaren ostean taldeagaz jokatu duen bigarren partidua izan da herenegungoa, eta belaunak ondo erantzun ziolako pozik zegoen: «Taldeari lagundu ahal izan diot, eta hori da garrantzitsuena».
Anna Gomez joko-antolatzaile valentziarrak jokalari denek egindako lana nabarmendu zuen: «Azkenean heldu da garaipena; bagenekien oso konplikatua zela. Kanpoko partiduetan ez dugu asmatu, bagenekien etxean aukerak izan genitzakeela, eta uste dut partidua kontrolpean izan dugula denbora guztian. Bagenekin talde ona dela, eta %100 egon beharko genuela 40 minutuetan».
Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek hasierako minutuetatik gogotsu jokatu zuten, eta markagailuko aldeari eustea lortu zuten. «Beharbada, partidua apurtzea falta zela ematen zuen kanpotik begiratuta. Baina 10-15 puntuko aldeagaz egon gara ia partidu guztian. Lehen garaipenagaz pozik, zoriontsu gaude», zehaztu zuen Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak partiduaren amaieran. Aurreko zapatuko Araskiren kontrako partiduagaz konparatuta, «pauso bat» eman dutela zioen, «batik bat defentsaren intentsitatean».
Hala, defentsaren intentsitatea eta sendotasuna partidu guztietan lortzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu zuen: «Batez ere, atzean sendotasuna irabaztea bilatu behar dugu; uste dut hori dela bidea. Erasoan puntuak eskuratzen dituzten jokalariak baditugu, eta hori aprobetxatu beharra daukagu».
Hungariako taldeko jokalariak motelago ikusi ziren kantxan. Hala ere, Mokango Lointekeko jokalari ohia geldiarazten lana izan zuten talde gernikarreko jokalariek. Mokango izan zen Cegleden erasoko jokaldietako protagonista nagusia, baina hutsegiteak egin zituen.
Lehiakor eta gogotsu
Hiru puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 18-25. Eta bigarren laurdenean alde handiagoa egon zen bi taldeen artean. Hala, Bas eta Caldwellek hamar puntuko errentagaz jartzea lortu zuten (29-19). Orduan, erritmo eta bizitasun gehiago izateko, Molina, Diez eta Gomez kantxaratu zituen Lopezek. Baina jokalari hungariarrek markagailuko aldea murriztu zuten, eta Lopezek hutsartea eskatu zuen. Sei puntuko aldeagaz zeudela, Ariztimuño eta Gastaminza kantxaratu ziren.
43-33ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Lointekeko neskek gogotsu eta lehiakor ekin zioten hirugarren laurdenari. Garaipena ziurtatu guran, kontraerasoan ondo, errebotean indartsu eta defentsan presioa eginez jokatu zuten. 52-37ko markagailua izan zen lan horren ondorioa. Hala ere, hirukoetan asmatzea falta izan zitzaien. 59-46ko markagailuagaz amaitu zuten hirugarren laurdena.
13 puntuko aldea eduki arren, azken zatiko hainbat minututan sufritzea tokatu zitzaien Lointekekoei. Baina talde hungariarrak ere hainbat hutsegite egin zituen. Gernika-Lumoko taldetik batik bat Caldwell eta Diez kapitaina nabarmendu ziren azken laurdenean. Estatubatuarraren eragina igarri zen, eta bera eta Pina izan ziren puntu gehien lortu zituztenak (22 puntu).
Datorren astean, Eurokopako taldekako faseko azkenengo partidua jokatuko dute. Frantziako Basket Landes taldea izango da aurkaria azkenengo jardunaldian, eta lehiatzera eta gozatzera kantxaratuko direla zehaztu du Lopezek: «Datorren eguaztenean partidu polita daukagu, talde oso handi baten kontra, eta partiduaz gozatzen ahaleginduko gara, eta aukeraren bat baldin badaukagu aprobetxatzen saiatuko gara».