Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketaren
bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan Busturialdeko puntistek. Joan den astean hasi zen norgehiagokan parte hartzen ari dira Berriatua, Durango, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo hogei bikote maila ezberdinetan banatuta.
Gernika Jai Alaiko zazpi bikote aterako dira kantxetara: kadete mailako bat (Eneko-Oier), gazte mailako bi (Arratibel-Urrutxua eta Leke-Unda), 22 azpikoen mailako bi (Urrutxua-Orue eta Lejamiz-Vega) eta senior mailako bi (Bidaburu-Urtubi eta Alberdi- Oar Arteta).
Partidak. Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon eta Berriatuan jokatuko dira txapelketako partidak asteburu honetan.Gaur eta bihar jokatuko dira partidak Gernikan.
- Gaur [azaroak 24], 18:00etan, Markina-Xemeingo eta Gernika-Lumoko gazteak ariko dira zein baino zein gehiago Markina-Xemeingo Uni frontoian. Gernikako frontoian, berriz, 19:15ean, Eneko Arandia eta Oier Diaz gernikarrek Ekaitz eta Amets berriatuarren kontra jokatuko dute kadeteen mailan.
- Bihar [azaroak 25] jarraituko dute partidek Gernikan, 18:00etan. Gernikako Lejaniz eta Vega eta Berriatuko Unax eta Jon neurtuko dira hasteko 22 azpikoetan, eta Gernikako Alberdi-Oar Arteta eta Markina-Xemeingo Urri-Elkoro II.a seniorren arteko partida jokatuko da ondoren.
- Domekan [azaroak 26] Berriatuko Julen eta Txomin seniorrak Durango Aren kontra jokatuko dute Mendibarren frontoian, 12:00etan. 17:00etan berriz, Markina-Xemeinen, Gotzon-J.Mandiola eta Ibar-Egia 22 azpikoen partida lehiatuko da.