Erroak Loran jaiak Berriatua osoa zipriztinduko du bihar, egun osoan
Goikolau kultur elkarteak antolatuta, urteko ospakizunik herrikoienetako bat da biharko jaia. Bazkarian 250 pertsonatik gora batuko dira. Bazkalostean erromeria egingo duteBeste behin ere, berriatuarrek berriatuarrentzat prestatutako jaia egingo dute b...
Goikolau kultur elkarteak antolatuta, urteko ospakizunik herrikoienetako bat da biharko jaia. Bazkarian 250 pertsonatik gora batuko dira. Bazkalostean erromeria egingo dute
Beste behin ere, berriatuarrek berriatuarrentzat prestatutako jaia egingo dute bihar, Berriatuan: Erroak Loran. Goikolau kultur elkarteak bultzatutako egunak herritartasuna festa giroan aldarrikatzea du helburu. Urtero legez, herriko musikariek, dantzariek eta abeslariek ere jaian parte hartuko dute.Herriko emakume taldeak deituta udaletxe aurrean elkarretaratzea egin eta gero, berriatuarrak festa giroan murgilduko dira. Izan ere, elkarretaratzea amaitu eta gero, Tarine musika eskolako musikariek kalejira egingo dute.
Musikariek herriko dantzariei emango diete lekukoa, eta azken horiek Eliz Abesbatzako abeslariei. Ostean, herritar guztiak Mendibarren frontoian batuko dira, inddar jana egiteko.
Dena dela, bazkalaurreko ikuskizunek iraun bitartean, herritar batzuk inddarrak prestatzen ariko dira. Izan ere, Erroak Loran zerbait bada herritarrek herritarrentzako prestatutako festa da; ekintza guztietan herritarrak dira protagonista, baita janaria prestatu eta bazkarian zerbitzatzerakoan ere.
Bazkarian parte hartuko duten herritar kopuru zehatza aurreratzerik eduki ez badute ere, Goikolauko kideek esan dute iazko antzera batuko direla. Hau da, 250 eta 300 pertsona artean egongo dira bazkaltzen.
Bazkalostean ere musika
Bazkalostea ere girotsu joango da. Aurreratu dutenez, erromeria egingo dute. «Iaz herritarrak kantuan egitera animatzeko ekintza egin bagenuen ere, aurten erromeria egitea pentsatu dugu».
Erromeria horretan ere herriko musikariak izango dira doinuak aireratuko dituztenak. Eta urtero modura, bazkalosteko giroa gauera arte luzatuko da. Lagunartean batuta, giro ona izaten da nagusi urtero. Eta horixe bera da, hain zuzen ere, antolatzaileek nahi dutena: jaian parte hartuko dutenek berriatuarrak direla aldarrikatu eta festa giroan ospatzea.
Beraz, jaia ospatzeko aurretiazko lanak eginda, Erroak Loran leloa jartzen duen zapia lepoan ipini eta jaian murgiltzeko prest daude, beste behin ere, berriatuarrak.