Bermeoko Udalak Erreten aukeratu du umeentzako jolasgune estalia jartzeko
Herenegungo parte hartze tailerrean, nagusien eta umeen beharrizanak batu zituzten. Arkitektoek, orain, oinarrizko proiektu bat egingo dute, abenduan jendaurrean jartzekoAukerak aztertu ostean, Bermeoko Udalak Erreten aukeratu du jolasgune estalia jart...
Herenegungo parte hartze tailerrean, nagusien eta umeen beharrizanak batu zituzten. Arkitektoek, orain, oinarrizko proiektu bat egingo dute, abenduan jendaurrean jartzeko
Aukerak aztertu ostean, Bermeoko Udalak Erreten aukeratu du jolasgune estalia jartzeko. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta udal arkitekto Goio Allikak eman zuten kokalekuaren berri herenegungo parte hartze tailerrean.Allikak azaldu zuenez, Artike enparantza (Estrella) edota Erreteneko jolasguneak estaltzea aztertu izan dute: «Erretenen gaur egun dagoen jolasgunea egoera txarrean dago, eta ez dago handitzeko aukerarik, inguruan zuhaitzak daudelako».
Horregatik, jolasgune estalia jartzeko Erreten aukeratu badute ere, parkearen beste alde batean jarriko dute; «ez dago korronterik, beste aldean moduan, ez da oso eguzkitsua, eta aurrekontura egokitutako azalera dauka, beste gauza batzuen artean».
Herenegun, proiektuak asetu behar dituen beharrizanak aztertu zituzten herritarrekin, eta parte hartze tailerra egin zuten; nagusiez gain, umeek ere parte hartu zuten.
Nagusiek argi zeukaten korronte gabeko lekua izan behar dela, bai eta siku egoteko leku bat ere. Estalkiari buruz ere aritu ziren, eta nagusiek egurraren erabilera proposatu zuten. Umeek, berriz, argia sartzen uzten duen estalki baten alde egin zuten. Iraunkortasuna kontuan hartzea ere ondo legokeela iritzi zioten, «material iraunkorrak erabilita edota eguzki panelak jarrita».
Zabuak eta gune irekia
Bankuen beharra ere nabarmendu zuten, «barrura begira jarrita, eta, agian, banku jarraitua izatea,perimetro osoa hartuta».
Ume eta nagusi gehienek uste dute guneak zabuak edukitzeaz gain, gune ireki bat ere eduki beharko lukeela, «pilotagaz edota patineteagaz jolasteko». Zabuei dagokienez, umeek zirkuituak egiteko modukoak gura dituzte: saltoka ibiltzeko, eskalatzeko aukera ematen dutenak, mugitzen diren eskailerak… Nagusiek sormena lantzeko zabuak edota didaktikoak eskatzen dituzte. Era berean, aniztasun funtzionala daukaten umeei zuzendutako zaburen bat jartzea ere eskatu zuten.
Ideia guztiak jasota, arkitektoek oinarrizko aurreproiektu bat egingo dute, eta abenduan erakutsiko dute.