Alanisko istripuaren argi-ilunak
1937an Alanisen gertatutako ezbeharra ezagutzeko aukera egon da Ahaztuen Oroimenak antolatutako emanaldian. Iruzubietako Irineo Olabe zihoan trenean1937ko azaroaren 20an Bilbotik Sevillara frankismoaren presoz beteta zihoan trenak Alanis de la Sierra h...
1937an Alanisen gertatutako ezbeharra ezagutzeko aukera egon da Ahaztuen Oroimenak antolatutako emanaldian. Iruzubietako Irineo Olabe zihoan trenean
1937ko azaroaren 20an Bilbotik Sevillara frankismoaren presoz beteta zihoan trenak Alanis de la Sierra herrian (Sevilla) izandako istripua ezagutzeko aukera egon zen domekan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Sabin Egilior dokumentalgileak El largo viaje lanean jaso zuena ikusi eta egilearen ahotik xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten aretoan bildutakoek.Ia inork ez zuen gertaera ezagutzen, ez eta herriko bat bertan egon zenik ere. Alanisko tren hartan eraman zuten bai eta Iruzubietako Irineo Olabe Alkaiturri Katenero ere. Istripu hartatik bizirik atera ziren hamazortzi presoetako bat izan zen.
Istripuaren ondorioak betirako gelditu zitzaizkion Irineo Olaberi, herren geratu zen harrez gero. Gorputz erdi erreta eta hezurrak apurtuta, sei hilabetez egon zen ospitalean, eta gero, lanera bidali zuten berriz ere. 1939ko martxora arte egon zela Sevillan dakite haren senideek, baina asko gehiagorik ez, ez zuen-eta etxean horretaz hitz egin. «Zorrozara joan zen ondoren Sevillatik, soldadutza amaitzera», azaldu zuten.
20 urte zituela harrapatu zuen 36ko gerrak Olabe, eta garai hartan zegokiona baino urtebete aurretik joan behar izan zuen soldadu. Auto gidaria zen, eta autoen mekanikaz ere jakingo zuen. Hori dela eta, bidaliko zuten ziurrenik Sevillan zegoen autoak berreskuratzeko tailer hartara.
Ezkutuan
Gertaera iluna izan zen Alaniskoa. Presoez beteta zihoan trenak aurrez aurre jo zuen gerrako merkantziagaz beteta zegoen beste bategaz; preso gehienak hil ziren, eta bizirik geratu zirenak larriki zaurituta egin zuten aurrera. Gainera, gertaera isildu egin zuten. Horrela, dokumentala egiteko ikerketekin hasi zirenean informazioa aurkitzea oso gaitza egin zitzaiela azaldu zuten Sabin Egilior zuzendariak, eta ikerketen ardura izan zuen Jimi Jimenez Aranzadiko historialariak. Bidai hura egin zuen trenbide enpresan bertan ere ez zegoen gertaeraren dokumentaziorik. «2004an ez zegoen gai honi buruzko informaziorik. Gertaeraren memoria eraiki behar genuen ezer izan gabe».
Tren hartan joan zirenen senideek eskatuta hasi zuten ikerketa. Izan ere, gertaera hura sabotaje bat izan zela uste zuten. Bi edo hiru dokumentu aurkitu zituzten, eta adituengana ere jo zuten gaia argitzeko, eta informazio guzti hori islatu zuten dokumentalean, bai eta Alanisko hilerrian egin zen gorpuen bilaketa ere.
Alanisko bizilagunek oroitzen zutenez, istripuan hildako batzuen gorpuak kamioian eraman zituzten hilerrira, eta hobi batean lurperatu zituzten guztiak batera. 2008ko maiatzean indusketa lanak egin zituzten gorpuen bila, baina ez zituzten aurkitu. «Hilerriak aldaketak izan ditu urte guzti hauetan, eta gerora egindako horma-hilobien azpian gelditu ahal ziren», azaldu zuen Jimi Jimenezek.
Herritarren ustez, istripu bat izan zen gertatutakoa, baina azken orduan, testigu berri bat aurkitu zuten, tren hartatik bizirik atera zen Romualdo Royo Jauregi, eta bere ustez, sabotaje bat izan zen dena.
Alanisko ezbeharragaz gain, frankismoak gatibu lanetan izan zituen presoen joan-etorriak, pairatu zituzten baldintza penagarriak eta enpresa batzuk zein agintari frankistek egindako presoen eskulanaren erabilpena ikustarazten ditu dokumentalak. 36ko gerrako eta frankismoaren ondorengo urteetako gertaera latz horiek gogora ekartzearen garrantzia azpimarratu zuten Uhagonen bildutakoek, eta egindako lana eskertu zieten Sabin Egiliorri eta Jimi Jimenezi.