Urpekariek «oso zikin» aurkitu dute portuaren itsas hondoa
35 boluntario inguruk parte hartu zuten zapatuko ekimenean, horietatik 24 urpekariak izan ziren. Itsas hondoa garbitzeaz gain, lehorrean ere ibili zirenIzaro Subek eta Bermeoko Udalak antolatuta, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko lanak egin zi...
35 boluntario inguruk parte hartu zuten zapatuko ekimenean, horietatik 24 urpekariak izan ziren. Itsas hondoa garbitzeaz gain, lehorrean ere ibili ziren
Izaro Subek eta Bermeoko Udalak antolatuta, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko lanak egin zituzten zapatuan. 35 boluntario inguruk parte hartu zuten. Horietatik, 24 urpekariak izan ziren. Urpeko lau klubetako urpekariek parte hartu zuten: Izaro Sub, Ondarroa, Eibar eta Gasteiz. Urpekariek azaldu dutenez, itsas hondoa «oso zikin» aurkitu dute.Ekimenaren bitartez, portuko itsas hondakinak garbitu gura zituzten, eta, era berean, herritarrak arazo horri buruz sentsibilizatzea zuten helburu. Antolatzaileen ustez, finkatutako bi helburu horiek lortu dira.
Bi lekutan aritu ziren lanean. Batetik, itsas hondoa garbitu zuten, izotz fabrika ingurua, hain zuzen ere; bestetik, lehorrean, Frantxuen haitzak eta olatu hormako arrapala ingurua garbitu zituzten. Lau pertsonako bi talde aritu ziren lanean lehorrean, eta hiru zaku hondakin batu zituzten; batez ere, plastikozko ontziak eta poltsak, sokak eta arrantzarako tresnak.
Ur azpian lan egiteko, bestalde, urpekariak bikoteka aritu ziren. Itsas hondoan aurkitutako hondakinetako batzuk lehorretik botatakoak direla nabarmendu dute: hesiak, konoak, edalontziak, botilak… Gehiena, hala ere, arrantzarako materiala zen: bateriak, karreteak, sokak, txalupa bat, buiak…
Edukiontzietara
Bi ordutan egin zituzten garbiketa lanak. Ondoren, hondakin guztiak Olatua eskulturaren inguruan utzi zituzten, «pertsona guztiek ikusi ahal izateko». Hondakinak sailkatuta, Portu Zuzendaritzak utzitako bi edukiontzitan sartu zituzten.
Garbiketa lanez gain, ume zein familientzako tailerrak egon ziren. Surfrider Fundazioko kide batek, bestalde, itsasoen kutsadurari buruzko material didaktikoaren berri eman zuen.
Ekimenaren arrakasta ikusita, datorren urtean beste bilketa bat egitea proposatu dute. Oraingoan, ekainaren 8an egin daitekeela azaldu dute, Ozeanoen Nazioarteko Egunean.