'Sarkor Ez' aldarrikapena bete da
Ibilbideari amaiera jarri dio Sarkor taldeak, eta agur jaialdia egin zioten zapatuan, herrian. Egun osoko egitaraua gauean Iparragirren eman zuten kontzertuak borobildu zuen.Jende bete Iparragirren eman du Gernika-Lumoko Sarkor taldeak bere azken kontz...
Ibilbideari amaiera jarri dio Sarkor taldeak, eta agur jaialdia egin zioten zapatuan, herrian. Egun osoko egitaraua gauean Iparragirren eman zuten kontzertuak borobildu zuen.
Jende bete Iparragirren eman du Gernika-Lumoko Sarkor taldeak bere azken kontzertua. Sarkor Ez aldarrikapenari eutsi zioten zapatuan ere, egun osoko agur festan ere kutsu sarkoretoari eutsiz. Hala, lagunartean, beren musikak batu dituen jende anitzaren babesa sentitu zuten taldekideek.13 urte eman dituzte taula gainean, eta ibilbideari behar bezalako amaiera emateko, egun osoko egitaraua prestatu zioten herrikide eta lagunek.
Txupinak eman zion hasiera egunari, trikipoteoagaz hasi aurretik. Bazkari sarkorragaz tripa bete zuten ondoren, Ospa tabernan prest zuten karaokean gogotsu eta sentimendu gabe abestu ahal izateko.
Omenaldia
Iluntzean, pintxopote animatua egin zuten, eta manifestazioan joan ziren Iparragirre Rock Elkartera, Sarkor Ez, Sarkor No oihu artean.
Omenaldi kutsua hartu zuen gaueko kontzertuak, eta orain pare bat urte taldea utzi zuen Jon Rementeria Remen-ek ere gitarra hartu zuen berriro. Oroimen polita gorde dutela esan dute taldekideek: «Kontzertua oso ondo joan zen, jendeak bere onena eman zuen». Sarrerak agortuta, jendez bete zen Iparragirre; 300 lagun inguru batu ziren bertan. Gernika-Lumoko eta Busturialdeko jendea ez ezik, Arrasate, Gasteiz, Arrigorriaga, Ugao edota Bilbo aldetik heldutako jarraitzaileak ere batu ziren rock elkartean. Aurreikuspenak bete ziren, Sarkorren esanetan, eta eguna espero baino hobeto joan zela aitortu dute.
Ezustekorik ere ez zen falta izan, eta kontzertuari amaiera ikusgarria eman zioten kuadrillakoek. Sarkorren «ikur» bihurtu den untxi jantziak soinean, agertokira igo ziren batzuk, eta Eskerrik asko mutillek zioen pankarta zabaldu zuten beste batzuek, lagunartea punk-rock doinuekin alaitu duten kuadrillakoei esker ona erakusteko.
Agurrean, azken agurra Garaipenaren bila abestiagaz eman zuen, eta publikoaren besoetan Iparragirre osoa zeharkatu zuen laukoteak amaieran.
Lau disko utzi dituzte
Gentza, Jon Mikel, Musa eta Remen. Lau disko utzi ditu Sarkorrek. Su emoten hasi zuten ibilbidea, eta ostean etorri ziren Sentimendu gabe eta Mundu kodifi- katuen atzean. Azkenengo lana 2016an kaleratu zuten, hirukote moduan, Remenek taldea utzi ostean. Senari eustea zuten helburu, eta Sarkor izena jarri zioten diskoari ere. Azken elkarrizketan esan bezala, bihotzari jarraituta egin dute musika, eta bihotzez agurtu ditu herriak. Iparragirreren atea janzten duen pankartak dioen moduan: Sarkor, agur eta ohore!