Nerea Ibarzabalek laugarren egin du Amurrioko finalaurrekoan
Markina-xemeindarrak 675,5 puntu eskuratu ditu. Bakarkako lanean jardun du hobetoen, saioari amaiera biribila emanez. Domekan jokatuko da hurrengo saioa, Donibane LohizunenBakarkako gogoangarri bategaz biribildu zuen domekan Amurrion jokatu zen Bertsol...
Markina-xemeindarrak 675,5 puntu eskuratu ditu. Bakarkako lanean jardun du hobetoen, saioari amaiera biribila emanez. Domekan jokatuko da hurrengo saioa, Donibane Lohizunen
Bakarkako gogoangarri bategaz biribildu zuen domekan Amurrion jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak. Txapelketa osoan bezala, ondo aritu zen Ibarzabal, eta ezin hobeto amaitu zuen.Zozketak erabakitako hurrenkeran, Jon Maia, Nerea Ibarzabal, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue eta Sustrai Colina bertsolariak aritu ziren Aintzane Irazustaren aginduetara. Sustrai Colinak eskuratu zituen puntu gehien, 701. Gainerako bertsolariei dagokienez, 694,5 puntu lortu zituen Beñat Gaztelumendik; 681,5 Jon Maiak; 675,5 Nerea Ibarzabalek; 668,5 Jon Martinek eta 615 Etxahun Lekuek.
Kartzelakoan lortu zituen puntu gehien Markina-Xemeingo bertsolariak, 149,50, hain zuzen. Usaina sumatu eta urduri jarri zara gaiagaz ondo moldatu zen; hilekoagaz lotu zuen gaia, trebeziaz.
Bestalde, joan den itzulian ez bezala. puntua emanda bakarka aritu beharrean, binaka aritu ziren bertsolariak, eta hor lortu zituen puntu gutxien (129,50). Beñat Gaztelumendigaz aritu zen Ibarzabal puntutan.
Zortziko handian, berriz, 133,50 puntu eskuratu zituen, 131 zortziko txikian eta hamarreko txikian 132.
Finalaurrekoen batura
Joseba Santxok, Mirari Azula lekeitiarrak, Eneko Bidegainek, Ekaitz Elorriagak, Eneritz Azkuek, Karlos Ibargurenek eta Nerea Bruñok osatu zuten Amurrioko epaimahaia, eta idazkari Joxe Mari Altuna eta Esti Zengotitabengoa aritu ziren. 1.325 lagun elkartu ziren aretoan saioa ikusteko.
Hiru saiok osatuko dute domekan hasi zen bigarren itzulia, eta bertan lortutako puntuazioa lehen itzulikoari batuko zaio. Batura horrek erabakiko du zeintzuk bertsolari egongo diren abenduaren 17an jokatuko den final handian.
Lehen itzulian Maule-Lextarren lortutako 663 puntuak eta domekan Amurrion irabazitako 675,50 puntuak batuta, Nerea Ibarzabalek 1.338,50 puntu eskuratu ditu guztira, beraz, finalaurrekoan.
Donibane Lohizune eta Iruñean izango dira hurrengo saioak hurrenez hurren, domekan eta abenduaren 2an. Guztiak amaitutakoan jakingo dira finalistak.