Izaro Subek eta Bermeoko Udalak antolatuta, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko lanak egin zituzten zapatuan.
35 boluntario inguruk parte hartu zuten. Horietatik,
24 urpekariak izan ziren. Urpeko lau klubetako urpekariek parte hart zuten: Izaro Sub, Ondarroa, Eibar eta Gasteiz. Urpekariek azaldu dutenez, itsas hondoa “oso zikin” aurkitu dute.

Batutako hondakinak portuan. Argazkia: Izaro Sub
Ekimenaren bitartez,
portuko itsas hondakinak garbitu gura zituzten, eta,
era berean, herritarrak arazo horri buruz sentsibilizatzea zuten helburu. Antolatzaileen ustez, finkatutako
bi helburu horiek lortu dira.
Bi leku garbitu dituztela azaldu dute. Batetik, itsas hondoa garbitu dute, izotz fabrika ingurua, hain zuzen ere; bestetik, lehorrean, Frantxuen haitzak eta olatu hormako arrapala ingurua garbitu dituzte.
Lehorrean, lau pertsonako bi talde aritu ziren lanean; guztira, hiru zaku hondakin batu zituzten. Batez ere, plastikozko ontziak eta poltsak, sokak eta arrantzarako tresnak batu zituztela azaldu dute.
Ur azpian lan egiteko, bestalde, urpekariak bikoteka aritu ziren. Itsas hondoan aurkitutako hondakinetako batzuk, lehorretik botatakoak direla nabarmendu dute: hesiak, konoak, edalontziak, botilak… Gehiena, hala ere, arrantzarako materiala zen: bateriak, karreteak, sokak, txalupa bat, buiak…
Bi ordutan egin zituzten garbiketa lanak. Ondoren, hondakin guztiak
Olatua eskulturaren inguruan utzi zituzten, “pertsona guztiek ikusi ahal izateko”. Gerora, hondakinak sailkatu zituzten, eta Portu Zuzendaritzak utzitako bi edukiontzitan sartu zituzten; batean, hondakin metalikoak, eta bestean, gainerako hondakinak. Beirazko hondakinak, berriz, portuko edukiontzi berdera bota zituzten.
Garbiketa lanez gain, ume zein familientzako tailerrak egon ziren. Surfrider Fundazioko kide batek, bestalde, itsasoen kutsadurari buruzko material didaktikoaren berri eman zuen.
Eguraldia lagun izan zuten zapatuan. Hala, diotenez, herritar asko hurbildu ziren bilketaren emaitzak ikustera edota tailerretan parte hartzera.
Ekimenaren arrakasta ikusita,
datorren urtean beste bilketa bat egitea proposatu dute. Oraingoan, hala ere,
ekainaren 8an egin daitekeela azaldu dute,
Ozeanoen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.
Argazki galeria
hemen ikusgai.