Arnas patologiari buruzko biltzarra egingo dute barikuan, Gernikan
Mediku, erizain, gaixo eta horien senideak batuko ditu kongresuak. Karpa bat jarriko dute Foru plazan, herritarrek arnas patologiari buruzko informazioa jaso dezatenEuskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkarteak (ENAPE) urteroko biltzarra egingo du b...
Mediku, erizain, gaixo eta horien senideak batuko ditu kongresuak. Karpa bat jarriko dute Foru plazan, herritarrek arnas patologiari buruzko informazioa jaso dezaten
Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkarteak (ENAPE) urteroko biltzarra egingo du barikuan. Urteurren borobilagaz dator aurten, 30. kongresua egingo baitute. Eta horretarako bilgune Gernika-Lumo aukeratu du. Interesa daukaten herritarrekin batera, mediku, erizain, gaixo eta horien senideak batuko ditu aipatu kongresuak.Biltzarra Lizeo Antzokian eta Elai-Alai aretoan egingo dute; erizainak batuko dira lehenengoan, eta medikuak, aldiz, bigarrenean. 09:00etan elkartuko dira guztiak dokumentazioa jasotzeko, eta 09:15etik 09:30era egingo dute biltzarraren inaugurazioa. Ostean, nork bere egitarau propioa jarraituko du. Hala, goizean hasi eta iluntzera bitartean, jarduera ugari izango dituzte aukeran kongresuan parte hartzen dutenek.
Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte zientifiko bat da, eta Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan lan egiten duten pneumologia, kirurgia toraziko eta erizaintza arloko hainbat profesionalek osatzen dute. Besteak beste, arnas patologiari lotutako ezagutza zientifikoaren aurrerapena sustatzea eta elkarteko kide guztien prestakuntza eta garapen profesionalari ekarpen egitea ditu helburu.
Landuko diren gaiak
Hori horrela, honako gaiak izango dira etzi landuko dituztenak: batetik, ingurumenaren kutsaduraren arazoaz ariko dira; bestetik, medikuntzan giza faktoreek duten garrantziaz jardungo dira, eta, azkenik, osasun-sistema publikoaren jasangarritasuna eta osasun kostuak izango dituzte hizpide.
Egunean bertan, gainera, karpa bat jarriko dute, edozein herritarrek gai horri buruzko infomazioa jaso dezan. Hain justu, Foru plazan jarriko dute karpa, 10:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian. Hala, etxerik etxe egiten dituzten arnasketari lotutako terapiari buruzko informazioa jaso ahal izango dute bertaratzen direnek, eta, horrez gain, arnasketa patologikoaren diagnosiaren probak egingo dituzte. Halaber, ingurugiroa kontserbatzeari eta airearen kutsadurari buruzko informazioa ere emango dute.
Ikasleentzako berbaldiak
Atzo egin zuten barikuko kongresuari buruzko aurkezpena Gernika-Lumoko udaletxean, eta bertan izan ziren Galdakao-Usansolo ospitaleko pneumologo eta kongresuko koordinadore Mikel Oribe eta Myriam Aburto eta herriko alkate Jose Mari Gorroño. Hala, pneumologoek azaldu zutenez, barikuko kongresuaz aparte, badabiltza airearen kutsaduraren eta ingurumena kontserbatzearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzen. Izan ere, azken asteotan, Gernika-Lumoko eskoletan berbaldiak ematen ari dira, 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta.
Oribek aipatu duenez, etzi 140 bat lagun batzea aurreikusten dute.