Muruetak Bizkaiko Sokatira Txapelketaren 1. saioa dauka etzi
Muruetako bi taldek Bizkaiko Sokatira Txapelketaren lehenengo jardunaldia jokatuko dute domekan, Sondikan. Azoka gunean lehiatuko dute lehen saioa, 11:00etan hasita.Aurretik, 09:00etatik aurrera egingo dituzte pisaketak.Urriaren 20an bukatu zen Bizkaik...
Aurretik, 09:00etatik aurrera egingo dituzte pisaketak.
Urriaren 20an bukatu zen Bizkaiko Sokatira Txapelketan izena emateko epea, eta zazpi taldek izena eman dute: Murueta A, Murueta B, Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi gizonezkoak, Gaztedi emakumezkoak eta Sokarri.
Azaroaren 19an (domeka) Laukizen daukate hurrengo jardunaldia, eta finala Arrigorriagan jokatuko dute abenduaren 23an (zapatua). Hain zuzen, sei taldek lehiatuko dute Bizkaiko Sokatira Txapelketaren finala.
Euskadiko Goma Gainekoa
Bestalde, 2017ko Euskadiko Goma Gaineko 4×4 Sokatira Txapelketa ere martxan dago dagoeneko. Hiru kategoria daude, eta 320 kiloko gizonezkoen lehen jardunaldia zapatuan (azaroak 4) jokatu zuten Gatikan.
Muruetako taldeko sokatiralariek 300 kiloko lehian parte hartuko dute. Euskal Herriko hamalau sokatira taldek izena eman dute aipatu kategorian; bi multzotan banatu dituzte taldeak. B multzoan dago Murueta, Berriozar B, Ibarra B, Kaskallueta, Antsoain, Ustaritz eta Ñapurrak taldeekin.
Kategoria horretako lehenengo jardunaldia azaroaren 26an lehiatuko dute Berriozarren (Nafarroa). Ondoren, abenduaren 3an, Ibarran (Gipuzkoa) izango dute bigarren saioa, eta finala Kortezubin izango da abenduaren 17an.
Emakumezkoen 260 kiloko kategoriak 300 kiloko egutegiaren antzekoa dauka. Hain zuzen, lehenengo jardunaldia azaroaren 25ean izango da, baina bigarren eta hirugarren saioak 300 kiloko kategoriaren egun berdinetan dira.
Sei talde finaletan
Hiru kategorietan, sei talde sailkatuko dira finaletara; 300 eta 260 kategorietan multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek lortuko dute finalerako txartela.
Ordutegiei dagokienez, zapatuetan 17:00etan hasiko dira saioak (pisaketak 14:30etik 15:30era izango dira), eta domeketan, ostera, 11:30ean (pisaketak, 09:30etik 10:30era).