Partidu ikusgarriaz gozatu zuten zapatu arratsaldean Malosten bildutako zaleek. Afizioa sortzeko moduko lehia burutu zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta Star Center Uni Ferrolek. Biak ala biak erasoan bizi aritu ziren; emozioz beteriko partidua izan zen.
89-82 nagusitu zen etxeko taldea. Baina, partidu hasieran talde galiziarra nabarmendu zen kantxan. Etxeko taldeak ez zuen partidu hasiera ona eduki. Atzealdean hutsune gehiegi utzi zizkieten aurkariei, eta horiek ez zuten saskiratzeko aukera galdu. Gainera, erasoan ere ezin asmatu zebiltzan Lointekeko jokalariak. Partidua hasi eta lau bat minutura, 4-13 partzialagaz hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak.
Erreakzionatu beharra zegoen, eta horixe egin zuten. 15-25ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta
itxura hobea emanez ekin zioten bigarren laurdenari. Naiara Diez kapitaina buru, erasoko zein defentsako jokaldietan hobeto aritu ziren. Hain zuzen, batik bat kapitainaren eta Maria Pinaren saskiratzeei esker, markagailuko aldea nabarmen murriztea lortu zuten (30-34).
Maria Pina valentziarra izan zen zapatuko partiduko protagonistetako bat.
Argazkia:Txebi Arriaga.
43-48ko emaitzagaz heldu ziren
atsedenaldira, eta bueltan aurreko minutuetako intentsitate beragaz jarraitu zuten. Esaterako, Pina eta Araujoren arteko norgehiagoka izugarria izan zen, eta etxeko taldetik Anna Gomez eta Marina Bas ere nabarmendu ziren kantxan. Hala, 57-61ko markagailutik 62-61kora igarotzean Malosteko harmailak dar-dar jarri zituzten. 13 minutu falta ziren lehia amaitzeko, eta beste behin zaleak gozatzen zeuden.
Saskiratzeei eta
defentsako talde lan sendoari esker, hiru puntuko abantailagaz (68-65) heldu ziren azken txanpara. Azken laurdena ere emozioz beterikoa izan zen. Defentsan, erreboteetan… denetan asmatzen zebiltzan Lointekeko neskak, baina aurkariak ere ez dira atzean geratzen direnetakoak, eta lehia bizia ikusi zen kantxan, zaleen gozamenerako. 75-65ko markagailuagaz garaipena etxean geratuko zela antzeman zitekeen. Baina, talde galiziarraren aurrean ezin da erlaxatu. Hala, azken momentura arte gogor borrokatu ziren bi taldeak.
Anna Gomez jokalari valentziarra.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Astebeteko atsedenaldia. Dia Ligan astebeteko atsedenaldia dute. Lointek Gernika Bizkaiak
Lacturale ART Araskiren kontrako derbia lehiatuko du 8. jardunaldian.
Azaroaren 18an [zapatua] 19:00etatik aurrera jokatuko dute Mendizorrotza Kiroldegian. Hala, Lointekeko jokalariek aurreko denboraldira arte etxeko jokalaria izan den Izaskun Garcia Urlezaga muxikarra izango dute aurkari.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenari dagokionez, gaur gaurkoz
Gernika-Lumoko taldea sailkapeneko seigarrena da,
11 puntugaz. Al-Qazeres Extremadurak eta Snatt’s Femeni Sant Adria taldeek ere puntu kopuru bera dute. Araski, berriz, hamargarren dago 10 puntugaz.
Sailkapenaren goikaldean dauden lehenengo bi taldeek hamahiruna puntu dituzte. Perfumerias Avenida da sailkapen buru, eta haren atzetik IDK Gipuzkoa dago.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Lointek Gernika Bizkaiak 81-68 galdu du EuroCupeko 4.jardunaldian