Amaierako markagailuak erakusten duen moduan, bi taldeen artean
berdintasun handia ikusi zen
atzo Urbietan.
Etxeko taldeak hartu zuen iniziatiba. Hala, gaztigu-ostikoa desbideratu egin zitzaion Federico Llanosi.
Partidua kontrolpean zeukaten basurdeek, eta aurkariak estu hartzea lortu zuten hasierako minutuetan.
Santi Viañak zelai erdialdean baloia bereganatu, eta jokaldi eder batean etxekoentzat
entsegua lortu zuen. Llanosek transformatu, eta 7-0 aurre hartu zuten markagailuan. Talde madrildarraren erantzuna berehala heldu zen; bi gaztigu-ostikogaz aldea murriztu zuen.
Gainera, lehen zatia amaitu aurretik entsegua egin zuen Alcobendasek. Ez zuten transformatzea lortu, baina
markagailua iraultzeko baliagarria izan zitzaien (7-11). Hala ere, zigor kolpe batekin basurdeek eskuratu zituzten lehen zatiko azken puntuak: 10-11.
Argazkia: Anuar Gomez.
Atsedenalditik bueltan, partidua irekita zegoen. Basurdeak gogotsu zelairatu ziren, eta bi gaztigu ostiko jarraian lotu arren, biak apur bat desbideratu zitzaizkien. Hurrengo minutuetan arrisku jokaldiak sortu zituzten etxekoek, baina ez zuten jokaldiak amaitzerik erdietsi.
Bigarren zatian defentsa lanean nabarmendu ziren bi taldeak. Erasoan ere ahalegindu ziren, baina emaitzarik barik. Hala, garaipenak zelan ihes egin zien ikusi zuten etxeko zaleek. Partidu ona burutu arren, puntu bakarragaz konformatu behar izan zuten basurdeek.