Alde Zaharreko Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta, merkatu txikia hartu zuen zapatuan Bermeoko Goiko Plazak. Oraingoan, Goiko Plaza bete zen; 42 salmahai jarri zituzten.
Merkatu txikia denborarekin “goraka” doala esan dute antolatzaileek. Salmahaietako askotan bigarren eskuko objektuak salerosteko edo trukatzeko aukera egon zen, eta bertaratutakoek denetarik aurkitu ahal izan zuten: Bitxiak, jostailuak, arropak, eskulanak, liburuak, diskoak… Era berean, merkatu txikian artisauek ere badute lekua, eta bermeotar artisauen parte hartzea ere egon zen. “Modu horretan, bere lana erakusteko aukera daukate”, esan dute antolatzaileek.
Hurrengo merkatu txikia udaberrian egingo du Haitz Nagusijek. Parte hartzaileek hala eskatuta, gainera, hurrengoa ziurrenik egun osokoa izango dela azaldu dute.