Asteburu honetan jokatu dute txapelketa Requenan, (Valentzia, Herrialde Katalanak). Pilotuek karta bakarrera jokatu behar izan dute
txapelketa, bi egunetan. Atzo eta gaur, euren onena erakusteko aukera izan dute lehiakideek, eta
Ereñoko pilotuak sasoian dagoela erakutsi du, podiumaren gorenera igoz.
Argazkia: Roberto Arrieta
Lehen postua eskuratu du Txomin Aranak Espainiako Rally TT txapelketan. Husqvarna motorrarekin, denborarik onenak markatu ditu Busturialdekoak: 2.04.27koa egin zuen atzo, eta 3.07.56koa gaur. Aranak esan duenez, ez zuen irabazterik espero, aurreko urteetako pilotu irabazle on eta arinekin neurtu behar izan baitu bere burua. Hala ere, esan duenez, “
dena ondo” atera zaio. “Zortea behar da bi egunetan bi karrera on egiteko, eta nik zorte on hori izan dut”, esan du. Hori dela eta, pozik da asteburuan lortutako emaitzarekin.
Espainiako Rally TT-ko kopa etxera ekarrita,
Dakar proba
prestatzen buru-belarri ariko da ereñarra aurrerantzean. Horretarako
gogotsu dagoela esan du, gainera. “Entrenatzen hasiko naiz, nire burua ez dut-eta %100 ikusten”. Motorra prestatzen emango dituzte hurrengo egunak, hamabosta barru bidali behar dutelako. Gero, entrenatzen emango ditu urte berri egunera arteko asteak.
Urtarrilaren 1ean, hain zuzen, Hegoamerikarako bidea hartuko du, Dakar proban parte hartzeko. “Abenduan Sierra Nevadara (Granada, Espainia) joango naiz, entrenamenduak alturan egiteko eta Dakarrerako prestatzeko”, azaldu du.