Soka luzea
Horixe da nire uste apalean azken asteetako gertaerek ekarri dutena. Burmuinean grabatuta geratu dira urriaren lehenengo egunak, telebistari iltzatutako egunak. Irudi gogor eta mingarri haiek ez dira alferrikakoak izan. Nigan ez ezik, beste askorengan ...
Egun batetik besterako erreboltarik ez da izan. Urteetako lan isila, antolatua, burutsua… eta beste hainbat adjektibo erants ditzakegu. Egoerok askotan eraman izan naute zera pentsatzera: Hango matxinada hemen gertatu izan balitz, zer? Modu edo forma horiek erabiltzeko gauza izango al ginateke? Hemengo agintariek hangoen jokaera izango al lukete? Barkatu, baina ezetzean nago.
Herritarrek jokatutako paperak berebiziko garrantzia izan du; inteligentzia kolektiboak, konstantziak eta norbanakoaren konpromisoak, indarkeriarik gabeko bidea jorratzen erakutsi baitigu (Noski, hori ez da unionista espainiarrek diotena).
Duela sei-zazpi urte hasitako prozesuak ez zuen horrela bukatu behar, baina… soka gehiegi tenkatzen denean eteteko arriskua ere handia izaten da, inolaz ere, nahiko ez genukeena. Arazo politikoa modu polizialez eta judizialez konpondu nahi izateak ez dakar ezer onik, eta hala ikusi da beste behin ere. Generalitateko presidenteak Bruselara alde egitea erabaki du Espainiak berme judizialik ez diolako eskaintzen. Espainiak darabilen beldurraren kontakizunean ez sinisteak garrantzia handia du beste behin ere. Aspaldiko garai ilunak eta mamuak berriro inguruan?
Eta nork esaten digu euskaldunoi salbu garenik? Espainolak harro eta indartsu ageri dira (ikusi besterik ez azkenaldian «piper-potoak» eskuetan, eztarriak lehertu beharrean nola dabiltzan), eta ez daude bakarrik, Europara edo munduko beste edozein herrialdera begiratzea nahikoa da gizartearen aldaketa ikusteko. Tamalez badakigu zer den preso politikoak izatea, egunkariak eta irratiak ixtea. Salbuespen legearen berri ere badugu.
Urkullu ere oso bidaiari dabil aspaldian, hara eta hona, maleta desegiteko denborarik gabe. Zerbaiten beldur ote? Belarriak ikusi ote dizkio otsoari?
Eta umoreak ere lekua izan behar duelako gure bizitzan zera okurritu zait; Katalunian Els segadors kantatzen dute nazio ekitaldieetan. Espainian Txunda-Txunda. Eta Euskal Herrian zer? Gora ta gora, Eusko gudariak, Gernikako arbola, Txoriak txori, Euskal Herrian euskaraz, Zenbat gera…