Lea-Artibaikoek ere bidesarien tarifa bateratua izatea eskatuko dute
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bidesarien tarifa bateratuaren inguruko mozioa aurkeztuko du Lea-Artibaiko EH Bilduk eskualdeko udal guztietan.Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aurkeztu duten AP-8 eta AP-1 autobideetan ap...
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aurkeztu duten AP-8 eta AP-1 autobideetan aplikatuko den lurralde arteko gastu mugaren akordioak Lea-Artibaiko herritarrak kanpo uzten dituela uste dute.
Izan ere, beraien lurraldetik kanpo azpiegiturak erabiltzen dituzten bizkaitarrek eta gipuzkoarrek gehienez ere 45 euro ordainduko dituzte hilabetean. Baina lurralde arteko 45 euroko gastu-muga bakarrik Bizkaia abiapuntu edo helmuga duten joan-etorrietan aplikatuko da, eta Lea-Artibaiko herritarrek Gipuzkoara joan-etorriak egiteko autopista Itziarren hartzen dutela azaldu du EH Bilduk.
«Beraz, lurralde arteko gastu-mugaz ezingo dugu gozatu, eta berriro ere, Gerediaga eta Iurreta tarteko bidesariagaz gertatu zen bezala, Lea Artibaiko herritarrak ekonomikoki zigortu egingo gaituzte, agerian utziz Lea-Artibai bigarren mailako eskualdea dela Bizkaiko Foru Aldundiarentzat», adierazi du EH Bilduk.
Eibarrera edo Ermura
Aldundien planteamenduari jarraituz, gastu mugaz baliatzeko, Lea-Artibaiko bizilagunak Eibar edo Ermura joan beharko lirateke autopista hartzera. «Horrek mugikortasun ikuspuntutik ez dauka ez hanka ez bururik, Lea-Artibaiko herritar batentzat egunero ia 35-40 km gehiago egitea suposatuko luke eta».
Arazo horren aurrean, alternatiba edo konponbide errealak aurkitzea eskatzen diote aldundiari. «Lea-Artibaiko herritarrak zigortuak irten ez daitezen eta gainerako bizkaitarren eskubide berak berma diezazkieten».