Ispiluari begira jarriko dira Bermeoko Gurasolagunak
Ispiluari begira tailerra dakar Bermeoko Gurasolagunek. Gurasoak eta seme-alabak elkarrekin ariko dira, hain zuzen ere, Uemak dinamizatuko duen ispiluari begira tailerrean.
Azaroaren 18rako antolatu dute tailerra. Gizarte eta Kultura Etxeko ludotekan eta gaztelekuan batuko dira, 11:00etatik 13:00etara. Hala ere, tailerrean parte hartu gura duten horiek hilaren 10a baino lehen eman beharko dute izena. 607 60 95 80 (Marimar) telefono zenbakira deituta edota bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Doan parte hartu daitekeela gogorarazi dute.
Azaldu dutenez, tailerra aproposa da adin guztietako gurasoentzat. Seme-alabek, berriz, sei eta hamaika urte bitartean edukitzea gomendagarria litzateke.
Haurren eta helduen hizkuntza ohiturei begiratzeko eta zenbait ohitura iraultzeko aukera polita dela azaldu dute. “Gure inguru hurbila ikusiko dugu ispiluan, eguneroko harremanetako hizkuntzari buruz hausnartuz”, esan dute antolatzaileek. Saioaren begirada, haurren begirada izango da, eta lan eremua euren inguru hurbila: etxea, ikastetxea eta kalea. Gaia, berriz, eguneroko harremanetan sortzen den komunikazio hizkuntza.
Horregatik, saioaren hasieran bi talde egingo dituzte, eta umeak eta gurasoak banatuta egingo dute lan. Ondoren, elkartu egingo dira talde bietako emaitza ezagutzeko, “ispilua garen ikusteko”.
Tailerrak aurrera egiteko, gutxienez, zortzi gurasok eman beharko dute izena.