2017-2018 denboraldia hasi zutenetik etxetik kanpo garaipenik lortu barik egon da talde bermeotarra, eta
atzo 2-1 nagusitu zen CD
Basconiaren kontra.
Etxeko azken partiduan 1-0 nagusitu zen Aurreraren kontra.
Argazkia: Bermeo Futbol Taldea.
Etxeko taldea aurreratu zen 14. minutuan markagailuan, Tasconen golagaz. Ondoren,
Aimar Cidek lortu zuen banako berdinketaren gola 25. minutuan, eta emaitza horregaz heldu ziren atsedenaldira. Sergiok lesionatuta zelaia utzi behar izan zuen, eta haren ordez sartu zen Cid. Lehen zatia amaitu aurretik, bigarren gola egitekotan izan zen gernikarra, baina baloiak zutoina jo zuen.
Garaipenaren gola, berriz,
Ekaitz Azkuenagak sartu zuen 72. minutuan. Etxeko taldea berdinketa lortzen ahalegindu zen, baina bermeotarren defentsak ez zieten haien helburua lortzen utzi.
Atzokoa denboraldiko
laugarren garaipena izan da. Aurreko hiruretatik azkena, urriaren 28an lortu zuen Aurreraren kontra (1-0). Urriaren 12an lehiatutako 8. jardunaldiko partiduan 2-1 irabazi zion Santutxuri. Denboraldiko lehen garaipena, berriz, irailaren 30ean eskuratu zuen Deustoren kontra (1-0).
Aipatu lau garaipen, lau berdinketa eta lau partidu galdu ostean, 16 puntu bilduta, 3. mailako 4. multzoko sailkapenean hamahirugarren dago talde bermeotarra. Puntu kopuru bera dute aurretik dauden Amurriok, Zamudiok eta Deustok.
Bi jardunaldi lau egunetan. 3. mailako taldeek aste honetan bi jardunaldi dituzte. Bermeok SD
Beasain hartuko du Itxas Ganen
zapatuan (17:00).