Bermeoko Udalak 2018. urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu, udal gobernuak (EH Bildu) eta Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) adostasuna lortu ondoren. Hala, datorren urtean, etxebizitzetako
sastar batze zerbitzuak gora egingo du %2; bermeotarrek
14 euro ordaindu beharrean 17 euro ordainduko dituzte hiruhileko.
Osoko Bikuran onartu dituzte ordenantza fiskalak, zergak eta tasak
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko ekonomia zinegotziak jakinarazi duenez, etxebizitza bakoitzak
68 euro ordainduko ditu urtean sastar batze zerbitzuagatik. Hala ere, eskualdean ia gutxien ordaintzen duen herria izaten jarraituko duela gaineratu du: «2017an, Gernikako etxebizitzek 80,44 euro, Muxikakoek 80, Sukarrietakoek 108,63 eta Mundakakoek 104,68 euro ordainduko dituzte urteko zerbitzuagatik».
Ormaetxeak dioenez, «Bermeoko etxebizitzetako sastar batze zerbitzuaren kostua ordaintzeko 24 euro inguru ordaindu beharko genituzke». Modu horretan,
2019rako tasa ere onartu dute, eta kostura hurbiltzeko,
etxebizitzek 20 euro ordaindu beharko dituzte hiruhileko.
Tasak banan-banan aztertu dituztela esan du Ormaetxeak, «kostuak kontuan hartuz eta Bermeoren esfortzu fiskala antzeko herriek dutenagaz alderatuz», eta antzeko herrien esfortzu fiskala Bermeorena baino handiagoa dela nabaritu dutela nabarmendu du. Era berean, Udalkutxak dirua banatzerakoan, herri bakoitzaren esfortzu fiskala kontuan hartzen duela azaldu du, «eta ahalegina zenbat eta txikiagoa izan, Udalkutxak diru gutxiago ematen dio herriari». Horregatik, «ezinbestekoa» da ordenantza fiskalak, zergak eta tasak eguneratzea, Ormaetxearen arabera.
Udal gobernuak eta EAJk sinatutako akordioari esker,
hainbat hobekuntza egongo dira sastar zerbitzuan. Besteak beste,
sastarren tratamenduan hondakin organikoen tratamenduaren (5. edukiontzia) lehenengo fasea martxan jarriko da 2018an,
edukiontzi selektiboak jarriko dituzte herriko gune publikoetan, eta herriko eta auzoetako
edukiontzi guneak txukuntzeko plana abiaraziko dute.
EAJko bozeramaile Aritz Abaroaren arabera, hobekuntza horiekin herri garbiagoa eta ingurugiroagaz konprometituagoa lortu gura dute. «Edukiontzien guneak txukuntzea eta 5. edukiontzia ezartzea, adibidez, gehiago atzeratu ezinezko neurriak zirela uste genuen».
Sastar batze zerbitzuarena ez da datorren urtera begira igoko den tasa bakarra. %2 igoko dira honakoak: hilerriko tasa, ibilgailuak zepoagaz daudenean lekutik kentzeko ordaindu beharrekoa, herriko lurrak obra hondakinekin, hesiekin, aldamioe- kin… okupatzeagatik eta bide publikoaren lurzorua okupatzeagatik ordaindu beharrekoa, obra lizentziak eta ibilgailuak espaloietatik sartu, bide publikoan aparkatzeko erreserba egin eta edozein eratako salgaien zamalanak egiteagatik ordaindu beharreko tasa.
Bermeoko Udal
Kirol Patronatuaren kuotak eta sarrerak ere %2 igoko dira; ikastaroek, berriz, ez dute igoerarik edukiko.
Mantenduko direnak. Datorren urtean
igoko ez diren hainbat tasa ere egongo direla jakinarazi dute, honakoak, adibidez: Bermibusa, udal aparkalekuak, ezkontzak, udal azokako postuak, udal liburutegiko zerbitzuak, egitezko bikotearen erregistroak eta kultur etxearen eta Nestor Basterretxea aretoaren erabilera.
Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren tasak ere ez dituzte aldatuko. Hortaz, udal zaharren egoitzako, etxebizitza komunitarioetako, etxez etxeko zerbitzuko eta jantoki sozialeko tasak berdin mantenduko dira.
Orain arte ez zegoen tasa berri bat ezartzea ere erabaki dute. Modu horretan,
herriko gune bereziak diren Gaztelugatxeko San Juanen, Izaro uhartean… zinema filmaketak egiteko tasa ezarri dute. Gune horien erabileragatik
1,50 euro ordaindu beharko da metro koadroko.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu duenez, erantzukizunez jokatu dute, eta ezinbestekoa da tasak eta zergak berrikustea, «kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko».
Abaroaren arabera, akordio orekatu bat lantzea behar-beharrezkoa zen kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitu ahal izateko, baina, era berean, argi zeukaten herritarrei ahalegin bat eskatzen zaien heinean, zerbitzuetan hobekuntzak egin behar direla. «Hori izan da gure asmoa, eta hori lortu dugu akordio honegaz. Erantzukizun handiz jokatu dugu, beraz».
Guzanek eta Izartu Bermeok aurka bozkatu zuten.