Langabezian dauden gazteentzako formakuntza saioak emango dituzte
Lana bilatzea lana da programaren barruan, Busturialdeko gazteei zuzendutako formakuntza saioak emango dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon. Bost saio izango dira guztira, eta tailer bakoitzean hainbat gauza landuko dituzte. Lana eta ekintzailetasuna sustatuko dituzte, eduki eta jarduera ezberdinak landuz eta gazteak beharrezko gaitasunetan trebatuz.
Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udaletako gazteria zerbitzuek antolatu dituzte formakuntza saioak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Horien bidez, eskualdeko gazteak gaitu nahi dituzte lana bilatzeko prozesuan arrakasta izan dezaten. Behar horretan, Lara Nanclares Goenaga pedagogoa izango da tailer guztiak bideratuko dituena.
Besteak beste, gazteen enpleagarritasuna hobetzea, lana bilatzeko jarrerak sustatzea, lan bilaketarako tresna eta baliabide ezberdinak ezagutzea eta bereganatzea eta horietan trebatzea dituzte helburu formakuntza saioek. Horretarako, talde lana, sormena, jarrera proaktiboa, lidergoa eta ekintzailetasuna garatzeko jarduerak egingo dituzte.
Azaroaren 14, 16 eta 30eko saioak Gernika-Lumon egingo dituzte, eta azaroaren 21ekoa eta 28koa Bermeon.