Orain arteko bide luzeari jarraipena emateko momentua izango du Euskal Herriak domekan. Hautetsontziak kalera atera, eta herritarrak protagonista sentiaraziko dituzte, etorkizuna beraien eskuetan dagoela irudikatuz. Hala, aurretik 167 herrik hartutako olatu gainean igeri egingo dute Bizkaia eta Gipuzkoako beste 13 herrik; horien artean, Elantxobek, Ibarrangeluk eta Mundakak. Hainbat ilusioz eta gogoz itxarondako eguna izango dute domekakoa, beraien herriek ere hartuko baitute herri galdeketa.
Boto aurreratua emateko aukera eduki dute gaur Ibarrangelun
Galdeketa horiek, gainera, ekintzez lagunduta iritsiko dira Busturialdera. Domekan bertan ez ezik, bihar eta etzi ere hainbat jarduera antolatu dituzte hiru herriotako taldeek. Elantxoben, esaterako, argazki eta bideo erakusketa, Atxurkulura igoera, kalejira, umeentzako Elantxobeko zaldiak, herri kirolak, kantaldia, herri bazkaria eta arraun ikastaroa egingo dituzte egunotan. Ibarrangelun, aldiz, abesbatzaren saioa, bertso poteoa, The Uski´s-en kontzertua, diana, azoka, dantza saioa, batukada, tailerrak eta indaba jana antolatu dituzte, besteak beste. Mundakan, azkenik, zumba saioa, kontzertuak, txistulariak, txalaparta, bertsolariak, txaranga, batukada eta txokolate jana izango dira aukeran egunotan, kasuan kasu.
Gaur, gainera, boto aurreratua emateko aukera izan dute Elantxoben eta Ibarrangelun. 74 herritarrek eman dute botoa lehenengoan, eta 60 lagun baino gehiagok, berriz, bigarrenean.
Galdakaon, 13 herritakoak. Euskal Herria Kataluniara begira badago ere, sorterrian ere lanean darraite herritarrek. Erabakitzeko eskubidearen alde hasitako bidean jarraitzen du Euskal Herriak, bere etorkizun politikoaz erabaki nahian. Erabakiz ikasi nahi du, erabakiz egin nahi du, egunetik egunera hazten ari den herri mugimendu zabal baten eskutik. Hala azaldu zuten atzo Galdakaon egindako ekitaldian. Domekan herri galdeketa egingo duten 13 herrietako ordezkariak izan ziren bertan; Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Ibarrangelu, Leioa, Mundaka eta Otxandiokoak.
Gure Esku Dagok orain arte egindako «bide luzeaz» jardun ziren Galdakaon, eta beraientzat bidea bera ere «garaipena» dela aitortu zuten. Prozesu parte hartzaileen bidez, herritarren nahi eta borondatea azaleratzea garrantzitsutzat dute, «elkarlanean eta adostasunaren bidetik ez bada, ez delako erabakirik izango». Hori horrela, domekan «herritarrek izango duten eskubide zibilen alde egiteko aukera» aprobetxatzeko deia egin diete: «Gure auzokideei dei egiten diegu, boto papera eskuan, demokraziaren ariketa honetara etor daitezen».
Orain arte 155.000 bat herritarrek hartu dute parte azken urteotan Euskal Herrian egin diren herri galdeketan, baina oraindik, beste milaka daude zain: «herritarrok gure geroaren protagonistak izan nahi dugulako, ez ikusle soilak».
Hori horrela, domekakoaren ostean, lanean jarraitzeko eta bere esku dagon guztia egiteko asmoa agertu zuen Gure Esku Dagok atzo Galdakaon; herrietan ematen ari den pausoa Euskal Herri osoan eman nahi dutelako, Euskal Herrian erabaki nahi dutelako.
Egitaraua
Mundaka
Azaroak 3.
– 19:30ean, zumba saioa.
– 20:30ean, aurkezpena eta kontzertuak: Alter Ego, Tron Boy, Irula, Dj Fonda.
Azaroak 5.
– 09:00etan, bozkalekuaren irekiera plazan.
– 11:00etan, txistulariak.
– 12:15ean, txalaparta.
– 12:30ean, ekintza parte hartzailea, plazan.
– 13:00etan, bertsolariak kantuan eta trikitilariak, herriko tabernetetaik.
– 13:30ean, txaranga.
– 17:30ean, batukada.
– 19:00etan, txokolate jana.
– 20:30ean., itxiera ekitaldia.
Ibarrangelu
Azaroak 3.
– 19:00etan, Beti galdu Ibarrangeluko abesbatza, tabernatan.
Azaroak 4.
– 11:30ean, Elizalden hasita, eta elantxobetarrekin Bermokizen bilduta, Atxurkulu igoko dute. Bertan, GEDren ikurriña jarriko dute. Gero, porturaino kalejira trikitilariekin; umeentzako Elantxobeko zaldiak; herri kirolak;?Argiren kantaldia.
– 19:00etan, bertso poteoa Elizalden, tabernaz taberna.
– 22:30ean, kontzertua Elizalden: The Uski´s.
Azaroak 5.
– 09:00etan, mahai osaketa, botu leku eta hautetsontzien irekiera.
– 10:00etan, diana, herriko dultzaineroekin.
– 10:00etan, ortuarien azokaren hasiera.
– 11:45ean, meza ostean, Bedarona-Natxitua-Eako Gure Esku Dagoren abesbatza.
– 12:00etan, herri adierazpena, Lorea dantza taldeko ume zein nagusien dantza saioa.
– 12:45ean, batukada, puzgarriak eta umeen tailerrak.
– 14:30ean, indaba jana txosnan.
– 20:00etan, botu lekuaren itxiera. Emaitzen aurkezpena.
Elantxobe
Azaroak 3.
– 18:00etan, argazki eta bideo erakusketa, Jubilatuen etxean.
Azaroak 4.
-11:30ean Bidebarri puntan eta 12:00etan Bermokizen, bilduko dira ibarrangelutarrak eta elantxobetarrak, Atxurkulura igotzeko. Bertan, GEDren ikurriña jarriko dute. Gero, porturaino kalejira egingo dute trikitilariekin; umeentzako Elantxobeko zaldiak; herri kirolak;?Argiren kantaldia.
– 15:00etan, tinglaupean, herri bazkaria. Jan ostean, Ibarrangelura joateko deia egin dute.
Azaroak 5.
– 09:00etan, mahai osaketa. Botu leku eta hautestontzien irekiera.
– 12:00etan, arraun ikastaroa adin guztientzat.
– 20:00etan, botu lekuen itxiera eta emaitzen aurkezpena.