Arrakastatsua izan da Azalien asteburu kulturala
Arrakastatsua hitza erabili dute Barrueta Arte elkartekoek Azalien asteburu kulturalari buruzko balorazioa egiterako orduan. Arrantzaleen Kofradia Zaharra agertoki bilakatuta, herriko hamar bat arte edota kultura elkarteren lanak jarriko zituzten ikusgai barikutik domekara bitartean.
Barrueta Arte Elkarteko kide Pedro Lazpiurren esanetan, «uste genuena baino hobeto joan da asteburua, zenbait unetan jendez gainezka egon zen kofradia zaharra». Herritarren interesa, gainera, «handia» izan dela dio, «galdera asko egin dituzte; elkarreragina izugarrizkoa izan zen».
Herriko artisten lana ezagutzera eman eta ezkutuan dauden arte disziplinak azaleratzen saiatu ziren. Lehenengoz egin den Azalien asteburu kulturalean parte hartu duten erakusketariak «oso pozik» geratu dira, «giro izugarria» egon baita. Hiru egun «labur» geratu direla diote.
Aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtera begira, berriro antolatzeko prest agertu dira. «Aurtengo arrakasta baloratu beharra daukagu, eta datorren urtera begira zer egin dezakegun pentsatu beharra daukagu. Uste dut gauzak beti desberdin egin behar direla, berdin egiten bada jendeak ez du modu berean erantzuten. Artistak gara, eta ideiak dauzkagu», dio Lazpiurrek.
Pintura, musika, argazkilaritza, zinema, grafitiak, eskultura, antzerkia, zeramika, bertsolaritza…egon ziren aukeran.