Ereñoko, Markina-Xemeingo, Berriatuako, Mutrikuko, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Tolosako, Andoaingo eta Gasteizko zesta eskoletako kideak batu ziren
atzo Ereñoko Udal Pilotalekuan.
Xistera proiektuaren barruan aurten egin duten
nesken hirugarren topaketa izan da, eta adin desberdinetako 27 pilotari elkartu ziren Ereñon.
11:00ak aldera elkartu ziren zestan jokatzeko. Hain zuzen, adin eta mailaren arabera banatuta aritu ziren. Hasiberriek eta erdi mailakoek kinielak jokatu zituzten, eta nagusienek, berriz, partidua jokatu zuten.
Xisterako ordezkari Izaro Arbek azaldu duenez, kinielak oso parekatuak izan ziren. “Bikoteak nahastuta osatu genituen, elkar ezagutzea baita helburua”. Hala, txikienen kinielan bost bikote osatu zituzten, eta erdi mailakoenean zazpi bikote. Topaketa amaitzeko partiduko bikote bat Gasteiz eta Mutrikuko eskoletako ordezkari banagaz osatu zuten, eta Donostiako eta Ereñoko pilotari banagaz osatu zuten beste bikotea. 15 tantoko set biak irabazi zituen lehenengo bikoteak.
Goiz pasa ederra borobiltzeko hamaiketakoa izan zuten.
Atzo Ereñoko topaketan parte hartu zuten neskak.
Argazkia: Xistera.
Hurrengoa Tolosan. Mutriku, Donostian eta Ereñon elkartu ondoren, Xistera proiektuan dauden eskoletako neskek Tolosan daukate hurrengo hitzordua azaroaren 18an.
Abenduaren 3an, berriz, nazioarte mailako topaketa egingo dute Berriatuan. Bertan Euskal Herriko eskoletakoekin batera, besteak beste, pilotari katalanek eta frantziarrek parte hartuko dute, eta Mexikotik etortzeko ere gonbidapena bidali diete.
ARGAZKIAK: XISTERA