Nekazaritza protagonista duen azoka hartu du gaur Gernika-Lumok. Beste urte batez, herriko txoko ezberdinak jendez betetzera etorriko da Urriko Azken Astelehena.
09:00etatik 15:00etara, zer saldu eta zer erosi bada 333 postuetan.
Barazkiak, gazta, loreak, eztia, frutak, txakolina, artisautza produktuak eta beste hainbat ekarri dituzte Euskal Herri osotik iritsitako baserritarrek.
Goizean goiz jaiki eta nor bere postura gerturatu da bere produktuak era txukunean eta adierazgarrian jartzeko. Etxean egindako lana herritarren bistara jartzeko erakusleiho aparta izaten da Urriko Azken Astelehena, eta, ahal dela, zer edo zer saltzeko aukera ere.
Baserrietako ekoizpena herritarrei hurbiltzen laguntzen du azokak, bien arteko harreman zuzena posible eginez. Tradizioa eta kultura uztartzen dituen azoka horrek jende andana biltzen du;
iaz, esaterako, 140.000 bat bisitari izan ziren egun horretan Gernika-Lumon.
Azoka itxi orduko, ekoizleen lana aitortzeko tartea hartzen dute, eta produktu onenak saritzeko aprobetxatzen dute. Hala, aurten ere,
13:30 inguruan, saria jasotzera deituko dituzte Merkurio iturriaren parean jarritako agertokira gazta, fruta, txakolin, barazki, ezti eta lore onenen ekoizleak. Eta
sari banaketa bukatuta, ospe handia duen
gaztaren enkantea egingo dute leku berean. Irabazlearen gazta erdia eta bigarren saria hartuko duen gazta erdia eramango dituzte enkantera, urtero ohi legez. Iaz, esaterako, gazta biak Xaibor diskofestak erosi zituen. 5.000 eurotan erosi zuen lehenengoa, eta 100 eurotan, berriz, bigarrena.
Iazko gazta gozoena, epaimahaiaren arabera, Olaberriako Aizpea SC izan zen, eta bigarren onena, aldiz, Mutrikuko Goienetxearena.
Sari banaketa eta gaztaren enkantea hasi orduko, baina,
bertsolariek saioa egingo dute betiko moduan Merkurioko agertokian.
Egunagaz bukatzeko,
zesta punta partiduen finala jokatuko dute Jai Alain, eta porru festa izango da aukeran, aldiz, Astran. 18:00etan hasiko dute kulturarako fabrika sozialeko festa, eta bertan izango dira giroa alaitzeko Dj Bull rta Dj kool thing.
Urriko Azken Astelehenean izango diren txosnak: ikusi hemen