09:00etan zabaldu durte Urriko Azken Asteleheneko azoka, eta
15:00ak bitartean izango da zer saldu eta zer erosi Gernikan. Guztira,
333 postu jarri dituzte aurten; horietan
gehienak gaztarenak –65–. Hala ere, ortuarien (45), artisautza produktuen (50), txakolinaren(20), ogi eta euskal pastelaren (22), kontserben (17), makineriaren (12), fruten (7), eztiaren (6), sagardoaren (7), erroskillen (7), esnekien (4) zein orotariko produktuen (10) salmahaiak ere jarri dituzte.
Hain zuzen, Artekale kalean 64 saltoki jarri dituzte; 60 San Juanen; 46 Pasealekuan, 42 Industria kalean; 35 Juan Calzadan; 22 Ocho de Eneron eta 60 Santa Ana aparkalekuan.
Euria egin arren, goizean goiz hurreratu da hango eta hemengo jendea Gernikara. Euskal Herriko ekoizleek zer ekarri duten ikustera gerturatu dira batzuk, eta
dastatzera soilik beste batzuk.
Erosketak egitera ere bertaratu da jendea, eta
taloa edo bestelako pintxoak dastatzen ere badabil bat baino gehiago. Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez betetzen hasi dira.
Eguraldiak kaxkartutako giroa alaitzeko, b
ertsolariak igoko dira eguerdian Merkurio iturriaren parean jarritako eszenatoki gainera. Eta horien saioa bukatuta hasiko dute ortuarien, fruten, apaintzeko landareen, txakolinaren, eztiaren eta gaztaren
lehiaketako sari banaketa, 13:30 inguruan. Jarraian, eta urtero egiten duten legez,
lehiaketa irabazi duen gazta erdiaren eta bigarren gazta erdiaren enkantea egingo dute agertoki berean. Iaz, Xaibor diskofestak erosi zituen gazta erdi biak, 5.000 euroan lehena eta 100 euroan bigarrena.
Argazki galeria: ikusi hemen
Arratsaldean jarraituko dute Urriko Azken Asteleheneko egitarauagaz.
18:00etan, esaterako, esku pilota partidak izango dira Santanape kiroldegian. Elordik eta Peñak lehiatuko dute lehenengo partidua, eta, bigarrenean, aldiz, Iribarria-Zabaleta bikotea Artola-Albizuren aurka lehiatuko da. Ekitaldi horretan, gainera, Alexis Apraiz Asegarceko pilotari ohia omenduko dute.
18:30ean, berriz, Urriko Azken Astelehena Master-aren finala lehiatuko dute Jai Alai frontoian. Erkiaga-Lekerika bikotea Egiguren-Inzaren aurka lehiatuko da. Egigurenegaz batera, Enbil zen finala jokatzekoa, baina azken horrek min hartu, eta Inzak hartuko du bere lekua gaurkoan.