Urriko Lehen Asteleheneko
gazta gozoena, epaimahaiaren arabera,
Olaberriako Aizpea SC izan da,
bigarren urtez jarraian. Gazta onenaren
prezioak, iazkoarekin alderatuta,
gora egin du.
6.500 eurotan erosi du Haroko (Errioxa, Espainia)
Bodegas Ramon Bilbaok. Iaz, Xaibor diskofestak 5.000 euro ordaindu zituen gazta erdia. Enkantea 500 eurotan hasi da.
Etxezarreta ekoizlea, gazta erosi duenarekin
Bigarren saria, Zeanuriko Jon Ipiñabururentzat izan da. Iaz 100 eurotan erosi zuen Xaiborrek bigarren gazta sariduna. Aurten, berriz, nabarmen igo da prezioa,
2.000 euro ordaindu ditu Xaiborrek.
Iaz ez bezala, aurten eskaintzaile askok parte hartu dute bi gazta erdien enkanteetan. Ohi legez, Jose Antonio Bastegieta
Markok-k gidatu zuen gaztaren enkantea.
Aurrekoetan egin modura, enkanteko dirua Gernika-Lumoko Calzada egoitzak jasoko du.
Argazki galeria ikusgai:
hemen
MIKEL ETXEZARRETA (Gazta onenaren irabazlea): «Produktuari ematen diogun mimoa eta eguneroko lana dira sekretua»
Bigarren urtez jarraian zuena izan da Urriko Azken Asteleheneko gaztarik gozoena. Pozik egotekoa izango da.
Bai, hala da, oso pozik gaude. Guretzat oso garrantzitsua da Gernika-Lumoko azokan egotea. Lehendik ere badauzkagu lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak. Denetara, Urriko Azken Asteleheneko bost sari dauzkagu.
Iaz, gazta onena zuena izanik, aurten gazta gehiago ekarri dituzue saltzeko?
Ehunka gazta ekarri ditugu, eta saria jaso aurretik nahiko ondo saltzen ibili gara. Ziurrenik gazta guztiak agortuta bueltatuko garela etxera.
Irabaztera etorri al zarete?
Ez. Asko gara gaur egun gazta ona egiten dugun ekoizleak. Esperantza beti egoten da, baina ez gatoz irabazteko helburuagaz. Hala ere, jakin badakigu, gazta on bategaz gatozela, orduan, esperantza izanik, zortea edukitzea da.
Iazkoaren antzeko gazta aurkeztu duzue?
Antzekoa da bai. Esan beharra daukat gure gaztak beti direla antzekoak. Ez ditugu gazta bereziak egiten txapelketetara aurkezteko. Saiatzen gara txapelketetarako moduko gaztak egiten egunero. Egunerokotasunak garrantzia handia dauka; esne garbia, artaldea apur bat zaindu, eta amaieran mimo apur bat.
Zein da sekretua?
Egunerokotasunean egindako lana eta produktuari ematen diogun mimoa baino ez.
Sariek lanean jarraitzeko indarra ematen al dizue?
Sariek beti ematen dute bizi apur bat eta lanean jarraitzeko gogoa. Azken finean, gure lanaren aitortza bat dira. Sariren baten ostean, gogotsuago ekiten diogu lanari.
Lan handia ematen al du gazta egiteak?
Bai, handia. Gazta egitearen prozesua hasi aurretik, artaldea zaindu beharra daukagu, eta horrek ere lan handia ematen du. Ondoren, egunerokotasunean gauza asko dauzkagu egiteko.